GAUR8 - mila leiho zabalik

AZTIko beste ikertzaile bik ardura berriak dituzte nazioarteko ikerketa zentroetan

AZTIko bi ikertzaile, Dorleta Garcia eta Haritz Arrizabalaga, nazioarte mailako erreferentziazko zentroetan ardurazko karguak betetzeko izendatuak izan dira. Izendapen biek euskal zentro teknologikoaren eta ikerlarien lanen kalitate zientifikoaren aitorpen berri bat direla nabarmendu dute.

Irudian, Dorleta Garcia ikertzailea. (AZTI)

AZTI euskal zentroak Europar Batasunean arrantza arloko aholkulari zientifiko gisa duen presentzia indartu du, zentroko bi ikertzaileren izendapen berriekin. Dorleta García ikerlaria Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluko (ICES ingelesez) Aholku Batzordeko presidenteorde izendatu dute, eta Haritz Arrizabalaga ikertzailea Atlantiko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeko (ICCAT ingelesez) Ikerketa eta Estatistika Batzorde Iraunkorreko lehendakariorde berria da.

Ikerketa zentroak nabarmendu duenez, «izendapen horiek euskal zentroaren kalitate zientifikoaren aitorpen berri bat dira, eta AZTIko ikertzaileek nazioarteko beste erakunde batzuetan duten presentzia nabarmenari gehitzen zaizkio, hala nola Europar Batasuneko (EB) Arrantzako Batzorde Zientifiko, Tekniko eta Ekonomikoan».

Garciak ICESen duen arduraren harira, AZTIk gogoratu du gobernuaren arteko erakunde hori itsasoen eta ozeanoen egoerari eta erabilera jasangarriari buruzko datu inpartzialak biltzeaz arduratzen dela.Zehaztutakoaren arabera, Ipar Atlantiko osora hedatzen da bere jarduera-eremua eta 6.000 zientzialari inguruk osatzen dute.

Erakunde horretako Aholku Batzordea erakunde diren herrialdeei aholkularitza emateaz arduratzen da, «ICESek sortutako ezagutza zientifikoan oinarrituta, itsasoaren kontserbazio, kudeaketa eta iraunkortasun helburuak lortze aldera».

Espezieen kontserbazioa

Haritz Arrizabalagaren kasuan, ICCAT gobernu arteko arrantza erakunde bat da, eta Ozeano Atlantikoan eta inguruko itsasoetan tunidoak eta antzeko espezieen kontserbazioaz arduratzen da. Beste eskumen batzuen artean, aholkua ematen dio Europar Batzordeari arrantza kontserbatzeko eta antolatzeko beharrezkoak diren neurrien inguruan.

Euskal zentroak nabarmendu du EBri arrantza arloan aholkuak emateaz arduratzen den Europar Batasuneko Arrantzarako Batzorde Zientifiko, Tekniko eta Ekonomikoaren (STECF) % 10 AZTIko adituek osatzen dutela, «erakunde horretan ordezkaritza handiena duen ikerketa zentroa».