GAUR8 - mila leiho zabalik

Babestutako lau hegazti tirokatuta Gipuzkoan hilabeteko epean, azkena gabiraia

Azken hilabetean, babestutako espezieetako lau hegazti tirokatuta agertu dira Gipuzkoan, azkena gabiraia, Eguzkik salatu duenez. Gertakariak Fiskaltzaren esku utzi ondoren, babestuta dauden espezieak tirokatzea delitua dela gogoratu du talde ekologistak, eta «arazo kroniko» hori dela eta, Aldundiaren esku hartzea eskatu du, berak baititu eskumen nagusiak.

Gabirai eme bat, irudian. (Eguzki)

Eguzkik salatu duenez, azken asteotan lau hegazti tirokatua agertu dira Gipuzkoan. Azaldutakoaren arabera, babestutako espezieetakoak dira tiroz zauritu edo hildako animaliak, azkena gabiraia. Fiskaltzaren esku utzi ditu talde ekologistak gertakariok, eta gogoratu du babestutako hegazti bat tiroz botatzea ingurumenaren aurkako delitua dela eta Diputazioak neurriak hartu behar dituela, arlo horretan eskumen nagusiak baititu.

Tiroz hildako azken gabiraia (accipiter isus) Usurbilgo udalerriko Andatza aldean agertu zen joan den urriaren 27an. Auzokide batek balkoi batean aurkitu zuen animalia zaurituta, eta Igeldoko Arrano Etxera eraman zuen. Handik gutxira hil zen hegaztia.

Azken gabirai hori «ezagutzen dugun laugarren kasua» dela zehaztu du Eguzkik, eta aurrekoetan bezala Fiskaltzan salatu du hura tirokatu izana. Gogoratu duenez, urriaren 6an arrano txiki bat (hieraetus pennatus) zaurituta agertu zen Errezilen. Hamar egun beranduago, elano urdin bat (elanus caeruleus) aurkitu zuten Seguran, eta urriaren 24an belatz handi bat (falco pregrinus) tiroz hil zuten Jaizkibelen.

«Hilabeteko epean gutxienez babestutako lau hegazti bota izanak agerian utzi du urteetan salatu dugun arazo kronikoa», adierazi du antolakunde ekologistak ohar batean, eta salatu du alorrean eskumen nagusiak dituenak, Foru Aldundiak, ez duela arazoa «behar bezala tratatu».

Hemen, «zigorrik ez»

«Poztu ginen lehengoan Jaizkibelgo hainbat ehiza-postu itxiarazi zituelako, postu horien inguruan belatz bat tiroz bota ondoren –eta, esan dezagun, bide batez, Eguzkik Fiskaltzan salaketak jarri ondoren–. Alabaina, orduan esan genuen bezala, ikusteko dago momentuko erreakzioa izan zen, urrian kasuak pilatu zirelako, edo benetan Aldundiaren politika berri baten abiapuntua den», esan du talde ekologistak.

Eguzkiren ustez, hildako azken gabiraiaren kasuak argi erakusten du esku hartzeko «premia» dagoela. Gogoratu duenez, babestutako hegazti bat tiroz botatzea ingurumenaren aurkako delitua da, «kartzela zigorra ere ekar dezakeena», baina «hemen hegaztiak tiroz botatzen dira eta inoiz gutxitan izaten du zigorrik».