GAUR8 - mila leiho zabalik

Materialen terminologia zientifikoa eta teknologikoa, euskarazko eta ingelesezko glosario berri batean

Ia 1.400 termino zientifiko eta teknologiko biltzen dituen euskarazko eta ingelesezko glosario elebidun berria aurkeztuko dute egunotan Bilbon, MZT Materialen Zientzia eta Teknologiaren bosgarren Kongresuan. 

Bilbon ospatzen ari den Materialen Zientzia eta Teknologia Kongresuan aurkeztuko dute glosario berria.

Ceit, Tecnalia eta Leartiker zentro teknologikoek, Mondragon Unibertsitatearekin eta EHUko Polymat, Zientzia eta Teknologia Fakultatea eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolarekin batera termino zientifiko eta teknologikoen lexiko elebiduna sortu dute.

Azaldu dutenez, 1.379 termino biltzen ditu, «gehienak beste baliabide batzuetan jaso gabeak», eta azpimarratu dute ikertzaileentzat oso tresna baliagarria izan daitekeela, «beren tesiak eta ikerlanak egitean euskarazko termino egokienak errazago aurkitzen laguntzeko».

«Materialen zientzia eta teknologiaren arloko ikertzaile eta teknologoek lantzen dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntza ildoak oso garaikideak eta espezializatuak direnez, etengabe kontzeptu eta termino berriak erabili eta sortu behar dituzte», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek. Erronka ez da soilik, beraz, jarduera euskaraz egiten duten ikerlariena.

Gogoratu dute, bestalde, sortzeko prozesuak metodologia jakin bat jarraitu behar duela, «gutxieneko kalitate maila bermatzeko eta euskara batuaren agintaritzek ezarritako arau zein gomendioekiko koherentea izan dadin».

Jakintza arloetan sailkatuta

Sortzaileek UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren aholkularitza izan dute. Aurreratu dutenez, oraingoz definiziorik ez ematea erabaki bada ere, sarrerak jakintza arloetan sailkatuta daude eta sarrera bakoitzak testuingurua izeneko eremu bat du, «erabilera argitzeko».

Lexiko berria sortzeko ekimena 2018an abiatu zen, MZT Materialen Zientzia eta Teknologiaren Kongresuaren laugarren edizioan. Hiztegia kongresuaren webgunean integratutako aplikazio batean dago erabilgarri, eta gaur eta bihar (hilaren 29 eta 30) EHUko Bizkaia Aretoan den MZT kongresuaren bosgarren edizioan aurkeztuko da.