GAUR8 - mila leiho zabalik

49 irudi «Fotciencia17» erakusketan, tartean ipurtargi baten erretratua

Ikerketa eta argazkilaritza munduek duten lotura estuaren emaitza da Eureka! Zientzia Museoan gaur arratsaldean zabalduko duten Fotciencia17 erakusketa. Objektiboaren «begirada nano, mikro eta makroskopikoek» eskainitako irudi bitxiak biltzen ditu.

Erakusketa urtarrilaren 9ra arte egongo da Eureka! Zientzia Museoan. (Fotciencia17)

Donostian, Eureka! zientzia Museoan, erakusketa bitxi bat zabalduko dute gaur arratsaldean. «Fotciencia17» du izena eta urtarrilera arte egongo da ikusgai. 49 irudik osatzen duten bilduma da, baina erakusten dituen lanak ez dira edonolakoak, zientziarekin zerikusia duten argazkiak dira «munduko begirada nano, mikro eta makroskopikoak» plazaratzen dituztenak.

Ikusgai egongo diren erretratuen artean, besteak bete, Brasilgo baso atlantikoan Ethra generoko ipurtargi ar bat ikus daiteke, artoxia fluoreszentearen bidez hartutako argazki deigarriak edota «eltxoen begi konposatu handiek osatzen dituzten milaka unitate fotohartzaileak (omatidioak)». Era berean, plastikozko mikropartikulek digestio-traktuan sortzen duten argiztapen laranja erakusten duen irudia ere badago, «elikadura eta nutrizioa» kategorian hautatutakoa.

Ikertzaileak eta argazkilaritza zaleak daude egileen artean. Berez, Estatu espainol mailan ospatzen den Fotciencia lehiaketaren 17. ediziora aurkeztutako lanen arteko hautaketa bat da ikusgai egongo dena.

Materialen Fisika Zentroa (CFM) Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluaren (CSIC) eta EHUren zentro mistoak antolatzen du erakusketa Eureka! Zientzia museoaren laguntzarekin. Nabarmendu dutenez, «bere generoan bakarra da». Fotciencia lehiaketatik sortua, aurkeztu ziren 448 argazkietatik hautatutako 49 lan biltzen ditu.

Garapen iraunkorrari begira

Azken edizio honetan, gainera, «aurkeztutako argazkien egileek aukeratu dute Nazio Batuek aitortutako Garapen Iraunkorrerako 17 helburuetatik zein den bere irudiaren edukira hobekien egokitzen dena. Ekimenak, gainera, ikasleei zuzendutako kategoria bat du, eta azken edizio honetan materia eta kimikaren arteko harremana, garapen jasangarria, energia iturri alternatiboak eta munduko populazio gero eta handiagoren elikadura haien lanen ardatzak izan dira.

Erakusketa penintsula osoko hainbat puntutan izango da ikusgai, eta beste herrialde batzuetara bidaituko du ondoren.