GAUR8 - mila leiho zabalik

Heste narritagarriarekin lotutako geneak aurkitu dituzte, bide terapeutiko berriak zabalduz

CIC bioGUNE ikerketa zentroko Mauro D´Amatok koordinatu duen nazioarteko ikerlan batek heste-ohituretan eragiten duten geneak aurkitu ditu, heste narritagarriaren sindromea bezalako gaitzak tratatzeko bide terapeutiko berriei ateak irekiz. Aurkikuntzak, gainera, sindromea izateko arrisku handiagoa duten pertsonak identifikatzen lagunduko du.

Herrialde ezberdinetako 167.875 lagunek hartu dute parte heste narritagarriarekin lotutako azterketan. (CIC bioGUNE)

Heste narritagarriaren sindromeari aurre egiteko bide terapeutiko berriak ekarriko dituen aurkikuntza egin du nazioarteko ikertzaile talde batek. CIC bioGUNEn lanean diharduen Mauro D´Amato Ikerbasqueko ikerketa irakasleak koordinatu du lana, eta lehen aldiz frogatuta utzi dute sabelustearen maiztasuna hereditarioa dela, «eta profil genetiko espezifikoek eragin zuzena dutela heste-ohituretan eta heste narritagarriaren sindromea izateko aukeran».

Nabarmendu dutenez, «diana terapeutiko berriak» izateko bidea irekitzen duen lana populazio talde handi baten azterketan oinarritzen da. Izan ere, 167.875 biztanle aztertu dira Erresuma Batuan, Herbehereetan, Belgikan, Suedian eta Amerikako Estatu Batuetan.

Ikerlanean, pertsona horien konposizio genetikoa galdetegi baten datuekin erkatu dute, bereziki egunean sabela zenbatetan husten zuten (eginkarien maiztasuna) datuari erreparatuta. Egiaztatu dutenez, maiztasuna handiagoa edo txikiagoa duten pertsonengan «gainerako biztanleengan baino ohikoagoak izaten dira DNAren aldaketa espezifikoak».

«Emaitza hauek oso zirraragarriak dira eta jarraipeneko azterlanak justifikatzen dituzte, izan ere, eginkarien maiztasunari lotutako geneak ziurtasun osoz zehazten direnean, helburu farmakologiko berriak gara daitezke idorreria, beherakoa eta dismotibilitatearen inguruko ohiko sindromeak tratatzeko, heste-narritagarriaren sindromea kasu», adierazi du Mauro D’Amatok.

Prebalentzia handia

Ikerlanaren harira gogoratu dute hesteen mugimenduaren maiztasunak garrantzi handia duela ongizatean, eta horren alterazioak, idorreria eta beherakoa barne, gaixotasun gastrointestinal arruntetan gertatzen direla, baita heste narritagarriaren sindromean ere. Azken honek munduko biztanleriaren %10i eragiten dio, zehaztu dutenez.

Arrazoi genetikoa ezagututa, gaixotasuna izateko arriskua duten pertsonak identifikatzeko zabaltzen diren aukerak azpimarratu dituzte.

CIC bioGUNErekin batera, nazioarteko hainbat unibertsitatek eta ikerketa zentroek hartu dute parte ikerlan honetan, erakunde ezberdinen finantziazioarekin, tartean Lakuako eta Estatuko gobernuena.