GAUR8 - mila leiho zabalik

Etxerik gabeko pertsonen osasuna hobetu egiten da sozializazioarekin

EHUko Psikologia Ebolutiboaren eta Hezkuntzaren Psikologia sailean egindako ikerketa batek ondorioztatu du pertsonen arteko harremanak garatzea garrantzitsua dela etxerik gabeko pertsonen osasunaren pertzepzioa hobetzeko.

Igor Esnaola (Nagore Iraola I EHU)

EHUk etxerik gabeko pertsonen osasunaren pertzepzioan eragiten duten aldagaiak aztertu ditu. Psikologia Ebolutiboaren eta Hezkuntzaren Psikologia sailean egindako ikerketak nabarmendu du pertsonen arteko harremanak garatzekko garrantzia etxerik gabeko pertsonen osasunaren pertzepzioa hobetzeko.

«Etxerik eza arazo konplexua da, eta egiturazko faktoreek eragin dezakete, hala nola gizarte- eta osasun-sistema eskasek edo desegokiek, etxebizitza eskuraezinek edota banakako faktoreek, hala nola osasun- eta pobrezia-arazoek edo buru-nahasteek», diote EHUko kideek, eta oharrarazi dutenez, gaur egun, etxerik gabeko 700.000 pertsona baino gehiago bizi dira Europan, eta datozen urteetan goranzko joera izatea espero da. Euskadin, 2.800 pertsona inguru bizi dira egoitza-bazterkeria larrian. «Datu horiek ikusita, funtsezkoa da talde horren egoera hobeto ezagutzeko ikerketa berriak garatzea».

Eguneko zentroak, gizarte harremanak erakitzeko ere erabiltzea
 
UPV/EHUko Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntza Psikologia Ebolutiboko saileko ikertzaile Igor Esnaola Echanizek dioenez, ikerlan horren helburua «etxebizitzarik gabeko pertsonen osasuna hautematean eragina izan zezaketen zenbait aldagai aztertzea» izan zen: aldagai pertsonalak, hala nola, sexua edo egoitza-bazterkeria larrian dauden pertsonek kalean daramaten denbora; pertsonen arteko aldagaiak, hala nola familiakoekin edo eguna bakarrik edo norbaitekin batera igarotzen duten, eta, azkenik, gizarte-zerbitzuen eragina, hala nola eguneko zentroak, osasun-zentroak eta abarrena, osasunaren pertzepzioan.

Ikerketak, horrenbestez, proposatu du eguneko zentroak elikadurarako eta higienerako ez ezik, gizarte harremanak eraikitzeko ere erabiltzea.