GAUR8 - mila leiho zabalik

234.545 bisitari izan zituen Donostiako Aquariumak, iaz baino %54 gehiago eta 2019ko zifretatik urrun

Pandemiak baldintzatuta oraindik, azken urtea ez da erraza izan, baina zifrak 2019koetatik urrun badaude ere %54 igoera erakusten dute Donostiako Aquariumak izandako bisitari kopuruan. Erronka eta plan berriak ditu hurrengo hilabeteetarako, erakusketa berriak eta digitalizazioa, webguneko sarrerak «izugarri» igo baitira.

Olentzeroren irudia Aquariumean, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Azken urteko zifrei begiratuta, ez da balantze makala Donostiako Aquariumak egin dezakeena. Edukiera murriztuta izan arren eta mugikortasunean jarritako mugen gainetik, 234.545 pertsonak bisitatu baitzuten 2021ean, aurreko urtean baino %54 gehiago.

Ohiko zifretatik urrun daude zenbakiak oraindik, halere, pandemia aurretik 300.000 bisitari baino gehiago izaten baitzituen. Izurriteak, beraz, berriz baldintzatu du balantzea.

Hala ere, urte «zaila eta konplexua» izan bada ere, batez ere lehen sei hilekoan mugikortasunean indarrean egon ziren mugak kontuan hartuta, uda aldeko datuak bereziki onak izan ziren. Bisitari gehien uztailean (34.572) eta abuztuan (48.693) izan ziren. Bi hilabete horietan 83.265 bisitari hartuz.

Bisitari horien jatorri geografikoari dagokionez. Aquariumeko arduradunek zabaldutako datuen arabera, kopuru osoaren erdia baino gehiago Hego Euskal Herriko bisitariek osatzen dute: gipuzkoarrak %24,75 izan ziren, %17,30 bizkaitarrak, %8,36 nafarrak eta %5,32 arabarrak.

Estatu espainoletik etorritakoen artean, aurten ere Madrilgo Erkidegokoak dira kopuru altuena, %3,51; eta Bartzelona ingurukoak ondoren, %1,52.

Beste herrialde batzuetatik etorritako bisitarien artean, bestalde, nabaria izan da igoera, 62.430 lagunen bisita zenbatu baitu Aquariumak, aurreko urtean baino 5.630 pertsona gehiago baina 2019an baino portzentaje txikiagoan (%26,6). Atal honi dagokionez, gogoratu dute Aquariumak ez zuela kanpoko herrialdeetako ia bisitarik izan 2021eko maiatzera arte.

Balantzeak ez ditu Ipar Euskal Herriko bisitarien inguruko datu zehatzik aipatzen, baina nabarmentzen du berriz ere Estatu frantsesekoak, Amerikako Estatu Batuetakoak, Alemaniakoak, Britainia Handikoak eta Italiakoak izan zirela gainontzeko bisitak, kopuru handienatik txikienera arteko ordena jarraituz.

Eskola jarduerak, Nautilus aretoa eta digitalizazioa

Azken urtean eskola taldeen bisitak errekuperatu zituen Aquariumak, nabarmendu dutrenez. Horren ondoan, jardunaldien, tailerren, kanpoko bisiten eta udalekuen jarduerak itzuli direla zehaztu dute.

Era berean, Aquariumeko Dibulgazio Sailak jarraitzen du duela berderatzi urte inguru abian jarri zituen gizarte etxeak eta bestelako elkarteak bisitatzen. Horren ondoan, indarrean jarraitzen dute doako bisitek Donostiako Museora sartu ezin diren pertsona, talde eta elkarteentzako.

Aurten, bestalde, bi erakusketa izan dira: Uri Bong artista korearraren “MAMO” eta urrian inauguratu zen Luis Maria Nayak eta Jesus Crespok egindako “Joao Pessoa”.

2022. urteari begira, agenda zabaltzea da erronka nagusia, eta udan itxita egon zen Nautilus aretoa berreskuratzea. Aurreratutakoaren arabera, Jesus Manse ezizena erabiltzen duen Jesus Maria Corman paisajista izango da artista gonbidatuetako bat, baita Javier Poveda eskultorea ere.

Jasangarritasunarekin lotutako egitasmoak, EHUrekin lankidetza proiektuak, Elkanori buruzko erakusketa berria edota arrain tropikal berriak, hurrengo hilabetetako agendan daude.

Erronken artean, gainera, digitalizazioan sakontzea urrats nagusietako bat izango da, pandemiarekin «izugarri» handitu baitira webguneko eta sare sozialeen bidezko bisitak.

Laboral Kutxaren laguntzarekin, bestalde, garapen iraunkorrarekin lotutako “Bihotz Urdina” ekimenan  sakontzeko asmoa aipatu du Aquariumak, erronka berriak finkatuz.