GAUR8 - mila leiho zabalik

OER Town, ingurua ezagutu eta gizarte-inklusioa sustatzen laguntzen duen aplikazioa


OER Town EHUko diziplinarteko ikertalde batek mugikorrerako garatutako doako aplikazioa da. Ingurune geografiko batera egokituta, jokoaren bidez leku horren inguruko informazioa eskura dezake erabiltzaileak, esparrua hobeto ezagutu eta gizarte-inklusioa erraztuz.

Eskurtze Insitutuko ikasleak OER Town aplikazioa erabiltzen. (Nahia IDOIAGA | EHU)

Hezkuntza proiektu baten emaitza da OER Town aplikazio konfiguragarria, eta Europako zenbait erakunderekin batera garatu da. Nahia Idoiaga eta Dorleta Apaolaza ikertzaileek koordinatu dute egitasmoa Europar Batasunaren Erasmus+ programaren babesarekin.

Ikertzaileek Bilboko 7. barrutiko auzoetan probatu dute aplikazioa. Eskurtze Bigarren Hezkuntza Institutuaren (BHI) eta Gazteleku Garapen Komunitarioko Elkarteak eta Bilboko Udalak bultzatzen duten “Auzoak abian” proiektuaren laguntza izan dute, EHUko “Campus” agerkarian jasotako informazioaren arabera.

Doako aplikazioa da, eta haren funtzionamenduaz, oinarrian duen jokoa Trivial interaktiboan oinarrituta dagoela azaldu dute. Auzoko eraikin sinboliko jakin bat noiz eraiki zen edota inguruan zenbat hizkuntza hitz egiten diren eta horien gisako galderak planteatzen ditu. Era horretara, «inguruari buruzko informazio asko lor daiteke, eta barrutian gizarte-inklusioa sustatzen lagunduko du», azaldu dute sortzaileek.

Bilboko Errekalde aldeko barruti hori ezagutarazteko, inguruko elkarteek bazuten Trivial moduko joko analogiko bat. «Formatu digitalera egokitu ditugu diseinatuta zituzten auzoari buruzko galdera horiek eta auzo horietako irudietatik abiatuta, gainditu behar dituzten erronka interaktiboak, memoria jokoak eta probak sortu ditugu», azaldu du Idoiagak.

Aplikazioa telefonoan deskargatu behar da, eta erabiltzaile bat sortu. «Gero, toki edo elkarterako sortutako QR kodeak eskaneatu behar dira; horien bidez, testuinguru horretarako egindako gai zehatzarekin lotutako joko edo erronkara joango zara», zehaztu dute.

Beste erabilera batzuetarako tresna

Aplikazioa Eskurtze BHIko ikasleekin eta Iralako auzotarrekin probatu da. Sortzaileek nabarmendu dutenez, aplikazioak ematen duen informazioa erabilgarria da migratzaileentzat eta auzoko bizilagun guztientzat oro har.

EHUko ikertzaileek esperientzia handia dute gizarte-inklusioko programetan, eta aplikazioa herrialdeetako erakundeekin elkarlanean garatu dute.

Ikerketa proiektua martxoan bukatuko da, eta aplikazioa erabili nahi duten beste toki batzuetan edo kolektibo batzuei zabaltzen jarraitzeko asmoa dute. Idoiagak azaldu duenez, zenbait irakaslek proiektuarekiko interesa azaldu du, ikasleek eurek aukeratzen dituzten gaien gaineko erronkak eta euskarazko galderak sortzeko aukera ematen duen tresna baita.

Erabilera horri begira Bilboko Hezkuntza Fakultateko taldea lanean ari da ‘erreminta kutxa’ bat kaleratzeko, «proiektua beren beharretara egokitu» nahi duten kolektibo edo auzoek garatzeko aukera izan dezaten.