GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskara, aragoiera eta okzitanierarentzako tresna teknologiko berriak garatzeko hitzarmena sinatu dute

Zaragozako eta Paueko unibertsitateek, EHUk, UPNAk eta Elhuyar Fundazioak LINGUATEC proiektuan garatutako aplikazio teknologikoak sustatzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Helburua da aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazio-maila hobetuko duten hizkuntza-baliabide berriak sortzea.

Irudian, ezkerretik hasita, Sabine Forero-Mendoza, Eva Ferreira, José Antonio Mayoral, Ramón Gonzalo eta Jon Abril. (Elhuyar Fundazioa)

Zaragozako Unibertsitateak Jacan duen egoitzan sinatu dute hitzarmena gaur goizean Zaragozako Unibertsitatea berak, Pauekoak, EHUk, UPNAk eta Elhuyar Fundazioak, LINGUATEC egitasmoaren barruan tresna eta aplikazio teknologikoak sustatzeko.

Lau urteko iraupena izango du hitzarmenak eta euskara, aragoiera eta okzitanieraren «digitalizazio maila hobetuko duten hizkuntza baliabide, tresna eta aplikazio berriak garatzea, erakustea eta hedatzea» du helburu.

Era berean, akordioaren xedeen artean, onlineko aplikazio berriak ere aipatzen dira, «hiru hizkuntzen erabilera errazteko eta erabiltzaileek edukietarako sarbide eleaniztuna izan dezaten».

Hitzarmenaren edukiaren gainean, Elhuyarrek zaldu du zientzia eta euskara bultzatzea, sustatzea eta garatzea helburu izanik fundazioa arduratuko da garatutako tresna eta aplikazio teknologikoak unibertsitateen esku jartzeaz. Baliabide horien artean, besteak beste Google Chrome eta Firefoxentzat deskargatu daitezkeen barretan edota itzulpen automatikorako aplikazioetan eta audiogida eleaniztasunetan erabiltzen diren itzulpen automatikorako, ahotsa ezagutzeko eta ahotsa sintetizatzeko teknologiak daude.

Azpiegitura linguistikoa

Unibertsitateei dagokienez, tresna horiek erabili eta inplementatuko dituzte, eta «kudeaketa eleaniztun, adimendun eta irisgarria hobettzen lagunduko duten garapenetarako ideiak eta proiektuak sortzen lagunduko dute». Era berean, hiru hizkuntzen garapen teknologikoan lagunduko duten adimen artifizialeko proiektuetan lagunduko dute.

Hitzarmenaren jarraipena egiteko, urtero elkartuko den batzorde mistoa eratuko dela iragarri dute sinatzaileek. Nabarmendu dutenez, gaur sinatu den hitzarmena «beste urrats estrategiko bat da mugaz gaindiko azpiegitura linguistiko inklusibo, eleaniztun eta adimendun baten eraikuntza zuentifiko-teknologikorako».

Sinadura ekitaldian, Jose Antonio Mayoral Zaragozako Unibertsitateko errektorea, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Ramon Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Sabine Forero-Mendoza Université de Pau et des Pays de I´Adour unibertsitateko UNITA Europako ituneko zuzendari exekutiboa eta Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusia izan dira.