GAUR8 - mila leiho zabalik

«Basque Challenge 2» erronka jarri dute abian Donostian, bisitariak euskarara hurbiltzeko

Donostia Turismoak abian jarri du «Basque Challenge 2» erronka. Sei hizkuntzatan zabaldutako galdetegiaren bidez, lehiaketak beste helmuga turistikoen aldean Donostia berezi egiten duen euskaran eta euskal kulturan sakontzera animatu nahi ditu bisitariak.

Basque Challenge (GAUR8)

Donostia Turismoak “Basque Challenge 2” erronka jarri du abian, bisitariei euskara ezagutzera ematea bilatzen duen lehiaketa, «gure kultura eta hizkuntza balioan» jarri eta hiria berezi egiten duen horren ezagutza zabaltzeko.

«Euskarak gure kultura eta gure izateko modua adierazten duen hitz berezi ugari ditu. Horiek baliagarriak dira gure hiria beste era batera erakusteko eta, gainera, agerian uzten dituzte gure nortasuna eta inguruko aberastasuna», azaldu dute ohar batean.

Ekimenarekin, erantsi dutenez, «Donostia beste helmuga turistikoen aldean desberdin eta berezi egiten duena nabarmendu nahi da».

Munduko edozein txokotatik parte hartzeko aukera eskainiko duen lehiaketa da eta sei hizkuntzatan (euskaraz, katalanez, galegoz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) eskuragarri izango den galdetegiari erantzutean datza.

«Euskarari eta euskal kulturari buruzko ezagutzak proban jarriko ditugu, eta parte hartzailea gure kulturan modu dibertigarri batean sakontzera animatuko dugu», azaldu dute bultzatzaileek.

Martxoaren 31ra arte

Lehiaketa gaur bertan abiatuko da eta hilaren 31 arte egongo da parte hartzeko aukera, Donostia Turismoaren webgunearen bidez. Parte hartzaileen artean Arbaso Hotelean logela bikoitzean gaua eta bi lagunentzako gosaria ere zozketatuko da, «euskararekin jolasean aritzeko» beste 150 sorpresarekin batera.

Erronka bertako herritarren parte hartzera zabalik dago. Izan ere, euskaraz galdetegi berezia dagoela zehaztu dute.