GAUR8 - mila leiho zabalik

Adinekoen egoitzetako langileen esperientzia, AERGIren Gela Irekietan

«Hirugarren adineko egoitzak, covid infernuan lan esperientzia» izenburupean, AERGI elkartearen Gela Irekietan zahar egoitzetako sektorean pandemiak eragin duen egoera aztertuko dute langile baten testigantza jasoz. Saioa online jarrai daiteke elkartearen webgunean.

 

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen protesta, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ana Sastre Gipuzkoako zahar etxe bateko langilea gonbidatu du AERGI elkarteak, aktualitateko gaiak jorratu ohi dituen diren Gela Irekien programaren barruan sektoreak pandemiaren ondorioz bizi izan duen egoerara hurbiltzeko. “Hirugarren adineko egoitzak, covid infernuan lan esperientzia” izenburua du datorren astelehenean (hilak 7) bere testigantza jasoko duen saioak.

Pandemiaren azken bi urte hauek bereziki latzak izan dira zahar etxeetako egoiliarrentzat zein senideentzat eta langileentzat. AERGIk gogoratu duenez, egoitzak arreta foku bat izan dira izurria hasi zenetik, adineko pertsonak gogor kolpatu baititu birusak, eta horrek langileen presioa areagotu du.

Bizitakoa «izugarria izan da», Sastreren hitzetan. «Ez genekien zertara gindoazen. Ez genuen geure burua babesteko baliabiderik, ez guk, ez erabiltzaileek. Horri gehitu behar zaio suposatzen duena nola hiltzen ziren erritmo bizian ikusteak eta ezin genuen ezer egin», azaldu du.

Langilearen ustez, jasandako presio horrek ondorioak izango ditu. Esan duenez, langileak «%500ean» ari dira lanean, eta «hori epe ertain batera ez da batere ona». Izan ere, argi dauka normaltasunera itzultzen den unean ondorio fisiko eta psikologikoak agertuko direla.

«Domino efektu bat zen, zaintzen genituen adinekoak kutsa ez zitezen lan egiten genuen eta aldi berean gu kutsatzen ginen, eta txarrena zen gero etxera gindoazela», azaldu du.

Langile falta

Izurriteak agerian utzi du sistemaren ahultasuna, baina era berean agerikoa izan da pertsonal falta, Sastreren arabera. Gainera, erakundeek plantillak indartzen ari zirela eta ratioak murriztuko ez zirela zioten bitartean errealitatea bestelakoa izan dela dio: «Esan da eta egongo da sinistu duen jendea, baina errealitatea erabat ezberdina izan da».

Egoeraren ondorioz, sektoreko langileak «ukituta» daudela adierazi eta egun dauden lan baldintzak hobetzearen premia nabarmendu du.

Hitzaldia 19.30ean izango da, Lasarte-Oriako AERGIren egoitzan, eta online jarraitu ahal izango da elkartearen webgunearen bidez.