GAUR8 - mila leiho zabalik

Lezoko baserriak oroitzen dituen liburua argitaratu dute

Javier Salaberria lezoarrak duela 51 urte herriko baserriei ateratako argazkiek osatzen dute argitalpen berria. Orain arte etxean gordeta zegoen «altxor» hori herriaren ondareari egindako ekarpen berria bilakatu da, «memoria bisuala eta historiaren zati bat» osatuz, nabarmendu dutenez.

Duela 51 urte egindako Lezoko baserrien argazkiak biltzen dituen liburua. (Lezoko Udala)

“Lezoko baserriak, oroitu ditzala herriak” izenburupean, herriko baserrien irudiak biltzen dituen liburua aurkeztu berri dute Lezon. Duela 51 urte Javier Salaberria lezoarrak ateratako argazkiak dira. Orain arte etxean gordeta egon den irudi bilduma hori herriko memoriari eskainitako liburu bilakatu da eta, aldi berean, duela lau urte zendu zen Salaberriaren omenezko keinu bat izan da.

Eneko Javier Salaberriaren seme zaharrena eta Dixidu diseinu grafikoko arduradunak eman dio forma liburuari, eta 1545 argitaletxeak egin ditu argitaratze lanak Udalaren babesarekin.

Eneko Salaberriak azaldu du «gauza batengatik ez bada besteagatik» urteak joan direla proiektuari behar bezala heldu ezinik, eta iaz, argazkiak atera zireneko 50. urteurrena betetzen zenean, ez zutela «aukera pasatzen utzi nahi». «Aitak 2018an utzi gintuen, eta zor geniola ere sentitzen dugu», adierazi zuen liburuaren aurkezpenan.

Garai hartako lan guztiak etxean egon dira «amak ondo jasota», beraz baserrien negatiboak bilatzea eta banan banan eskaneatzea izan zen lehen urratsa, bildumari liburu formatua eman aurretik.

«Azken bi hilabetetan loratu da joan den urteko uzta beste hiru argitalpenekin», nabarmendu dute udal arduradunek, Ipuin sailean argitaratutako “Hiku Miku Zirku” lana, Lezokuak sailean herriko memoria historikoa lantzen duen “Esklaboen barrakoiak”; eta Lezo sailean, herriko baserrien memoria jasotzen duen azken hau gogora ekarriz.

Lanek herriko ondarerako suposatzen duten ekarpena azpimarratuta, Eneko Salaberria eta bere familiak azken lan honetan eskainitakoa eskertu zuten, aitaren lanari «forma eman, bukatu, eta omenaldi moduan argitaratzea lortu dutelako», eta «lezoarren memoria bisuala eta historia zati bat osatzeko aukera bikaina» eskaini dutelako.