GAUR8 - mila leiho zabalik

Zeanuriko Erroten Ibilbidea egingo dute datorren larunbatean

Bi urteko etenaldiaren ondoren, larunbatean Zeanurin erroten historia eta garrantzia ezagutzeko parada izango da berriz, XV. edizioa betetzen duen ibilbidea berreskuratuz. Ondare historiko-etnografikora hurbiltzeaz gain, paisaiaz eta naturaren une distiratsuaz gozatzeko aukera ere bada.

Zeanuriko Olabarriko errota, irudian. (Joko Alai Alkartea)

Izurritearen ondorioz bi urteko etenaldia izan duen Zeanuriko Erroten Ibilbidea asteburu honetan egingo dute berriz. Joko Alai Alkarteak antolatzen du ekimena, herriko historian errotek izan duten garrantzia ezagutarazteko. Aurtengoa XV. edizioa da.

Elkarteak azaldu duenez, helburuak hasierako berberak dira: herriko lagunei zein kanpoko bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera ematea, eta garai bateko bizimoduan hain garrantzi handia izan zuten errotak balioan jartzea.

Zeanurin, gainera, asko dira kontserbatzen diren errotak eta horien aztarnak. «Guztira, hemezortzi –gehienak bertan behera utzita, baina beste batzuk zaharberrituta– denak hidraulikoak», azaldu dute antolatzaileek.

Larunbateko ibilbidean zehar horietako bederatzira hurbilduko dira parte hartzaileak, Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin.

18 kilometroko bat, eta 12ko beste bat

Ibilbidea 18 kilometrokoa bada ere, laburrago bat prestatu dute, 12 kilometrokoa. Ekimena herriko plazatik abiatuko da 9.00etan, udaletxearen aurretik. Altziber eta Errotabarri izango dira lehen geldialdiak, azkenean «sartu-irtena egiteko eta errota martxan ikusteko aukera» eskainiko duena.

Undurragako urtegiaren ondotik jarraituko du martxak, eta urtegia atzean utzita Barrengoerrota izango da beste protagonistetako bat, Beretxikorta errekatxoaren ertzean. Agarre baserriaren ingurutik aurrera egingo du ibilaldiak Undurraga auzunera jaisteko eta Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko. «Hemen ere ateak zabalik izango dira eta nahi dutenek kuku bat egin eta errota lanean ikusteko aukera izango dute», aurreratu dutenez.

Handik Lanbreabeko errotarantz abiatuko dira ibiltariak Otzerinmendi eta Uribetik pasatzeko, Intxaurbeko, Azpeko eta Zulaibargoko errotetara hurbiltzeko. Helmugara heldu aurretik, Pujana familiak erabat zaharberritu duen Olabarriko errota izango da azkena. Jatorriz burdinola izan zen azken hau, «betiko bezeroen eskariari erantzuteko lanean darraien Zeanuriko errota bakarra da».

Antolatzaileek nabarmendu dute 18 kilometro horien atzean, «erroten ondare historiko-etnografikoa» ezagutzeaz gain, «udaberrian naturak azaltzen duen koloreen sinfoniaz gozatzeko» aukera izango dutela ibiltariek.

Parte hartzeko, larunbatean bertan, 8.30ean, izen ematea zabalduko dute plazan. Sei euro ordaindu behar dute parte hartzaileek, 4 euro Joko Alai elkarteko bazkideen kasuan, eta 14 urtetik beherakoentzat doakoa da ibilbidea. Zehaztu dutenez, ibilbidearen erdialdean jan-edana banatuko dute.