GAUR8 - mila leiho zabalik

G Puntua, sexualitatearen eta afektibitatearen inguruko aholkularitza Galdakaon

Sexualitatearen eta harreman afektiboen inguruan, gazteentzako aholkularitza, arreta eta laguntza eskainiko dituen zerbitzua zabaldu du Galdakaoko Udalak. G Puntua du izena eta, besteak beste, genero-identitatea, zailtasunak, jokabide txarrak, sexu-bizipenak, tabuak eta mitoak jorratu nahi ditu.

Gazteak Galdakaoko jaietan, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

«Asmoa da sexualitatearen eta zure harremanen inguruan dituzun zalantzak, kezkak, egoera txarra, zailtasunak eta abar artatzea». Horrela aurkeztu du bere burua gazte eta nerabeei zuzenduta dagoen G Puntua izeneko zerbitzu berriak.

Sexu eta afektibitateen inguruko aholkularitza eskainiko duen doako arreta da eta «gazteen arteko harreman osasuntsuagoak, errespetuzkoagoak eta berdintasunezkoagoak» bultzatzea du helburu. Udalak zehaztu duenez, halaber, erreferentziazko zerbitzua izan nahi du indarkeria matxisten prebentzio eta detekzio goiztiarrean.

Aholkularitza, arreta eta laguntza emateko puntua izango da, egoera ezberdinak kontuan hartuta. Horregatik, zerbitzura jotzeko arrazoien artean, besteak beste, indarkeria matxista, genero-identitatea, sexu-bizipenak, zailtasunak, jokabide txarrak, tabuak mitoak eta errealitateak edota sexu-aniztasuna izan daitezkeela azaldu dute.

«G Puntuak zisheteronorma irauliko du. Aniztasunari balioa ematen diogu eta ikuspegi feminista eta intersekzional batetik lan egiten dugu», zehazten du funtzionamenduaren inguruko xehetasunen berri ematen dituen eskuorriak.

Gune konfidentziala izango da, eta zerbitzura heltzeko hiru bide ezberdin egokitu dituzte: aurrez aurre, Plazakoetxeko lehengo txaleteko 2. solairuan; Whatsapp edo Telegram bidez 675 700 089 telefonoan, edota gpuntua@galdakao.eus posta elektronikora idatzita.