GAUR8 - mila leiho zabalik

Ura tratatzeko instalazio eramangarriak, Think Big lehiaketako proiektu onena

Ceata Ingenieria SL izan da aurtengo Think Big enpresa-ideien lehiaketaren irabazlea, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzeko helburua duen lehiaketa. Bigarren saria, GenomAbs proiekturako izan da –antigorputz monoklonalekin egindako terapietarako prebentzio pertsonalizazioko zerbitzua–.

Saridunak, azken ekitaldian. (EHU)

Ceata Ingenieria SL izan da aurtengo Think Big enpresa-ideien lehiaketaren irabazlea. UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzeko helburua duen lehiaketa da, «beren ezagutza eta esperientzia profesionalak aplika ditzaten, merkataritzaren aldetik bideragarriak diren zerbitzuak eta produktuak garatzeko asmoz».

Aurtengo irabazleak 2.500 euroko saria jaso du eta aurkeztutako proiektuak edateko ura tratatzeko instalazio eramangarriak (PTAPP) garatzen ditu. Jon Ander Maña Iglesias Ceata Ingenieria S.L. enpresako administratzailearen hitzetan, «edateko ur eramangarria tratatzeko instalazio hauen garapen propioan dihardugu, kudeaketa jasangarria, edangarritasun eraginkorra eta kalitate-arau zorrotzenak betetzeko gai dena bermatzeko, eta edateko uraren eskuragarritasun geografikoari erantzuteko, beharrezkoa den lekuetan».

Bigarren saria, 1.500 eurokoa, GenomAbs proiekturako izan da. Antigorputz monoklonalekin egindako terapietarako prebentzio pertsonalizazioko zerbitzua eskaintzen du. Azterketa genomikoak egiten ditu, paziente bakoitzaren aurre-joera genetikoak ebaluatzeko, terapia jakin batzuk eraginkorrak izan daitezen.

Eta bi hirugarren sari banatu dira, 800 eurokoak, eta irabazleak Gura proiektua –surf taulak diseinatu eta fabrikatu CFD teknologian oinarrituta, haien errendimendu hidrodinamikoa hobetzeko, fabrikazio gehigarria eta oinarri biologikoko materialak askoz ere modu ekologikoagoan eta jasangarriagoan txertatuz, taula birziklagarriak eta iraunkorragoak sortuz– eta Order Superfast proiektua –ostalaritzako establezimenduetarako APP pertsonalizatua, menu digital esklusibo baterako sarbidea duena, eskaerak eta ordainketak modu seguruan egiteko, QR kode bat irakurriz–.

Hiru akzesit ere banatu ditu lehiaketak, 300 eurokoak. Zinnia Ediciones, I Link to Print eta Virtual Space proiektuek bereganatu dituzte.