GAUR8 - mila leiho zabalik

Barbadun ibaiaren arroko burdinolen eta erroten ibilbidea hilaren 30ean egingo dute

Barbadun ibaiaren arroan zehar zeuden burdinola, errota eta dorreak dira 22 kilometroko ibilbidearen protagonista nagusiak. Ohiko formatura itzulita, bi taldetan egingo da hilaren 30ean, Muskizetik abiatuta.

Ibilaldiaren aurreko edizio bat, irudian (Bizkaiko Batzar Nagusiak)

Urriko azken igandean egingo da “Barbadun errekaren arroko burdinolen, erroten eta torreen ibilbidea», pandemiaren aurreko formatua berreskuratuz.

Enkarterriko Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatuta, «nahiko ezezaguna den Enkarterriko odarea» ezagutzera ematea da ekimenaren helburua, XV. mendetik aurrera Barbadun ibaiaren ertzeetan eta haren ibaiadarretan eraiki ziren eta Bizkaiko garapen industriala bultzatu zuten burdinolen inguruko historia erakutsiz.

XIV. edizioa izango da aurtengoa, eta guztira 22 kilometroko ibilbidea talde bitan egingo dela zehaztu dute, bi irteera ordutegi ezberdinekin. Muskizetik abiatuko da lehen taldea, 9.00etan. Bigarrenak ordu erdi beranduago egingo du, 9.30ean.

Antolatzaileek ohartarazi dute aurten ez dutela eskainiko likidodun ontzirik, hondakinak murrizteko. «Beraz, ibilbidean adierazitako iturrietan urez betetzeko ontzia» ekartzea eskatzen da.

Modu didaktikoan

Museoko beharginak puntu ezberdinetan egongo dira, ibilbidean zehar ikusiko diren burdinolei buruzko datu nagusiak, modu didaktikoan azaltzeko.

El Pobaleko burdinolan egingo den geldialdia azpimarratu dute antolatzailek, ondoen kontserbatutako ondarearen elementua baita hori.

Nabarmendu dute, era berean, burdinolen eta erroten hainbat hondakinetatik pasatu eta interes handiko beste puntu batzuk ikusi ahal izango direla. Horien artean, Burdinazko Mendien Bide Berdea, Loizaga Torrearen ondoko Loizagako Santiago baseliza (Galdames) eta «Artegiko magaletik iritsita, Enkarterrietako Museoak eta Abellanedako Batzar Etxeak osatzen duten monumentu-multzoa» bera.

Azken puntu horretan amaituko da ibilbidea, eta handik autobus batek abiapuntura eramango ditu parte hartzaileak. Izen-ematea museoaren webgunean egin behar da.

Gogoratu dutenez, Barbadun errekaren arroan Triano mendietatik ateratako burdinak hamabost burdinola inguru elikatzen zituen, ikerketen arabera.