GAUR8 - mila leiho zabalik

“Euskal Herriko Historia online” ikastaroan izena emateko epea zabaldu du Nabarraldek

“Euskal Herriko Historia online” ikastaroan izena emateko epea zabaldu du Nabarralde Fundazioak bere webgunean. Historiaurretik 36ko gerraraino, urriaren 26an abiatuko da eta gertaera eta data gogoangarriak, oroimen lekuak, lurraldetasuna eta identitatea izango ditu ardatz.


Urriaren 26an, Euskal Herriko Historia online ikastaroaren edizio berri bat jarriko du abian Nabarralde Fundazioak.
Nafarroako Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatuta, Nafarroako Gobernuaren homologazioa dauka Euskal Herriko historiako gertaera eta data gogoangarriak, oroimen lekuak, lurraldetasuna, identitatea edota ondarea bezalako arloak lantzen dituen ikastaroak.

«Historia da gizarte batek bere buruaz egiten duen kontakizunaren osagarri garrantzitsuenetako bat», nabarmendu du Angel Rekalde Nabarralde Fundazioko  zuzendariak. Bere esanetan, Euskal Herriko historiaren «irakurketa orokor eta sintetiko bat» eskaintzen du ekimenak, «ikuspegi propio batetik landua».

Moduluetan banatuta, edukiak «itzal handiko historialariek» gidatzen dituztela zehaztu dute, Joseba Asiron, Idoia Arrieta, Mikel Soauren edota Jean Louis Davant aipatuta.
Aurreratu dutenez, Nafarroako historiaren mugarriak izan diren gertakarietan sakonduko da: «historiaurretik hasi eta 36ko gerraraino, Orreagako batailatik, 1200 eta 1512ko konkistetatik edota karlistadetatik igarota». 

Gogoeta analitikoa sustatzea

Hezkuntza munduko historia ikasgaiaren irakasleak prestatzeaz gain, «historia eta oroimen historikoari buruzko gogoeta analitikoa sustatzea» da ekimenaren helburuetako bat. Era berean, ikastaroak «ikuspegi zehatz eta dokumentatua» ematen duela azpimarratu dute, eta «oroimen lekuen eta gure historian erreferentzialak izan diren data eta gertaeren balioa» berreskuratzea bilatzen duela erantsi dute.

Ikastaroak urtarrilaren 3ra arte iraungo du, eta amaitzean, ziurtagiria jasoko dute parte hartzaileek. Publiko orokorrarentzat 150 euroko prezioa du ikastaroak, eta 100 euro Nafarroako Ikastolen Elkarteko kideentzat eta Nabarraldeko bazkideentzat.