25 OCT. 2022 Bihar banatuko ditu sariak «Arnasetik» hizkuntza ohiturei buruzko bideo sormen lehiaketak Hizkuntza ohituren egoerari buruzko bideo sormen lehiaketak bihar (hilak 28) banatuko ditu sariak Amasa-Villabonako Gurea Antzokian, «erantzun aparta» izan duen edizioaren ostean. Gaiaren inguruko gogoeta lantzen duten 99 lan aurkeztu dira. Guztira, 99 lan aurkeztu dituzte 10 eta 16 urteko bitarteko ikasleek Arnasetik bideo sormen lehiaketara. (Arnasa Gara) GAUR8 Arnasa Gara ekimenak antolatzen duen “Arnasetik” bideo sormen lehiaketako antolatzaileek azken edizio honek jaso duen «erantzun aparta» nabarmendu dute ohar batean. Emandako datuen arabera, 99 lan aurkeztu dituzte «euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko ehunka gaztek». Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Nafarroako eta Lakuako gobernuekin batera sustatutako ekimena da, eta «euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz», azpimarratu dutenez. Lehiaketaren bidez, gainera, arnasguneetako ikastetxeetako ikasleen sormena landu eta hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa bultzatu nahi da. Ekimenak adinaren araberako kategoria eta erronka ezberdinak planteatu ditu. DBH 1 eta 2 mailetako ikasleen artean jaso da lan kopuru handiena, 52 guztira. Adin tarte honetako ikasleentzat youtuber estiloan bideo tutorial bat egitea izan da erronka, Julen Portillo youtuberraren bideo bat eredu hartuta. Lehen Hezkuntzako (LH) ikasleei luzatutako proposamena «DBHra eman beharreko jauzian etorkizun hurbilean aurkituko dituzten egoera berriak» islatzea izan da, kontuan hartuta arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak izanik bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagoetara jo behar izaten dutela. Guztira, 40 lan aurkeztu dituzte formatu librea eskaini zuen kategoria honetan. DBH 3 eta 4 mailetako ikasleen artean, bestetik, zazpi lan aurkeztu dira, Hiru Damatxok ekoiztutako bideo baten protagonistaren galderei erantzunez. Sorpresak Gurea Antzokian Kategoria bakoitzeko finalistak aukeratuta bideo sormen lehiaketaren sari banaketa bihar izango da Amasa-Villabonako Gurea Antzokian. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango zaie eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko», zehaztu dute antolakuntzatik. Sari banaketa ekitaldi horrek hainbat sorpresa izango dituela aurreratu dute, besteak beste bertan Sara Alonso musikariak eskainiko duen emanaldia.