GAUR8 - mila leiho zabalik

Gizonei zuzendutako berdintasun politikak aztertuko dira Gasteizen, nazioarteko biltzar batean

Gizonezkoak, maskulinitateak eta politika publikoak ardatz izango dira Gasteizen abenduaren 13tik 15era ospatuko den nazioarteko biltzarrean. Emakundek antolatuta, hausnarketa eta esperientziak partekatzeko foro bat izango da, fokua konpromisoetan jarriz.

Biltzarra Gasteizko Europa Biltzar Jauregian izango da, abenduaren 13tik 15era. (Juanan RUIZ | FOKU)

'Gizonezkoak, maskulinitateak eta politika publikoak. Berdintasunarekiko konpromisoa' nazioarteko biltzarra antolatu du Emakundek abenduaren 13, 14 eta 15erako Gasteizen, Gizonduz ekimenaren 15. urteurrenaren harira.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gizonei zuzendutako berdintasun politika publikoen inguruan egindako lana ezagutaraztea eta horri buruz hausnartzea, esperientziak partekatzea eta aliantzak sortzea dira topaketaren helburuetako batzuk. Horrekin batera, etorkizunerako proposamenak egitea eta gizonek berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen alde egitea lortzea dira hiztorduaren xedeak.

Helburu horietan sakonduz, berdintasun politika publikoen arloan esku hartzeko «lerrorik berezi eta aitzindarienetako bati» ekin nahi zaiola azaldu dute antolaztaileek, etorkizun hurbilean orokortu egingo dela aurreikusten baita. Gainera, biltzarrak agerian utzi nahi du EAEk politika horien garapenean duen zeregin garrantzitsua eta egindako lana, ibilbidea, bilakaera eta lan ildo berriak berrikustea, etengabeko hobekuntzaren ikuspegitik.

Esperientzien eta jardunbide egokien berri izan eta emango da, lege mailan eta gizartean sortzen diren erronka berriei aurre egiteko. «Lege mailan, berdintasunerako euskal legearen erreformak sortuko ditu erronkak, batez ere; gizartean, berriz, belaunaldirik gazteenetan matxismoak eta indarkeriak beren horretan jarraitzea eta feminismoaren eta berdintasun politiken aurkako mugimendu neomatxistak ugaritzea dira erronka nagusiak», azaldu dute.

Etorkizuneko proposamenak eta konpromisoak

Gizonezkoekin egin beharreko lanari buruzko etorkizuneko proposamenak emango dira jakitera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika publikoen eta Berdintasunaren eta Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzen Herrialde Itunaren esparruan.

Azkenik, gizonen konpromiso kolektibo eta indibiduala sustatu nahi da berdintasun politiken bidez, bereziki gazteena, Lakuako Gobernuko 'Berdinaldia' ekimenaren barruan, gero eta gehiagok jardun dezaten berdintasunaren aldeko aldaketaren eragile aktibo gisa, eta gero eta gutxiagok onar ditzaten indarkeriak edo jokabide matxistak euren inguruan.

Era horretara, «bortxaketaren kultura» deritzonaren oinarri diren dinamika sozialak eta pertsonalak apurtzen lagundu nahi da.