01 ENE. 2023 Gaur X urte 1959ko urtarrilaren 1a, Kubako Iraultzaren garaipena Habanan 1959ko urtarrilaren 1ean Kubako Armada Matxinatua, Fidel Castroren buruzagitzapean, Habanan sartu zen iraultzaren garaipena gorpuztuz. Fulgencio Batistaren diktadura ilunari amaiera eman zitzaion horrela. Castro Habanara sartzen, Garaipenaren Martxarekin. (GETTY) GAUR8 Gaur 64 urte, 1959ko urtarrilaren 1ean, armada matxinatuak garaile sartu ziren Habanan. Ordu batzuk lehenago, 1952ko martxoaz geroztik Kubako diktadorea izan zenak, Fulgencio Batista ilun eta ankerrak, AEBetara ihes egin zuen eta iraultzari hasiera eman zitzaion. Kubako Santiagotik iragarri zuen Fidel Castrok garaipena eta astebeteren buruan iritsi zen Habanara, Camilo Cienfuegos komandantearekin batera. Habanan zegoen jada beste iraultzaile bat ere, Ernesto ‘Che’ Guevara komandante ezaguna. Tanke batera igota, Fidel eta el Che Kubako hiriburura sartu ziren, Armada Matxinatuko hainbat kiderekin batera. Garaipenaren Martxaren buru ziren, Kubako Santiagotik herritarren laguntzarekin sei egun lehenago abiatu zen Askatasunaren Karabanaren bukaera. «Une erabakigarria da hau gure historian. Tirania bota dugu. Alaitasuna izugarria da. Hala ere, oraindik asko dago egiteko. Ez gaitezen engainatu hemendik aurrera dena erraza izango delakoan, agian hemendik aurrera dena zailagoa izango da», esan zuen Fidel Castrok Habanako herritarrengana zuzendu zenean. «Herriko eztarria garrasi batean zebilen: Biba Fidel! Biba Kuba librea! Gora Iraultza!», argitaratu zuen biharamunean ‘El Crisol’ egunkari kubatarrak. Kubako Iraultzarekin, aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoak hasi ziren herrialdean, nahiz eta Ameriketako Estatu Batuek blokeo luze eta mendekati bat ezarri zioten uharteari.