08 ENE. 2023 Gaur X urte 13 urte joan dira, Ibarretxeren, Lopezen, Aresen eta Otegiren aurkako epaiketa hasi zenetik 2009ko urtarrilaren 8an hasi zuten orduan Lehendakari zen Ibarretxeren, Patxi Lopezen, Rodolfo Aresen, Arnaldo Otegiren eta ezker abertzaleko beste lau buruzagiren aurkako epaiketa. Ermuako Foroak eta Dignidad y Justicia elkarteak helegitea jarri zieten, Alderdien Legea ez betetzea egotzita. Arnaldo Otegi epaitegietara bidean, Iñaki Goioaga, Jone Goirizelaia eta Julen Aginakorekin batera. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 2009ko urtarrilaren 8an auzipetuen jesarlekuan jarri zituzten Juan Jose Ibarretxe orduko Lehendakaria, Patxi Lopez, Rodolfo Ares, Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxebarria, Olatz Dañobeitia eta Juan Joxe Petrikorena. Argazki xelebrea egun horretakoa, denen aurka abiatutako epaiketaren lehen egunekoa, hain zuzen ere. Ermuako Foroak eta Dignidad y Justicia elkarteak helegitea jarri zieten, 2006ko uztailean izandako elkarrizketek Alderdien Legea urratzen zutela iritzita. Mikel Gotzon Casasek, Ibarretxeren abokatuak, akusazioari leporatu zion hitz egitea kartzelaz zigortu nahi izana. Halaber, ezker abertzaleko buruak ordezkatzen zituen Jone Goirizelaiak defentsarako eskubidea urratu zitzaiela salatu zuen. Bista orala hasi baino lehen bertan behera utzi zezatela eskatu zuten Lopez eta Aresen abokatuak eta Goirizelaiak, eta baita fiskaltzak berak ere. Izan ere, auzian ez zuen inork bere burua akusazio penal moduan aurkeztu eta Maria Ángeles Montes fiskalaren arabera, ez zegoen epaiketa aurrera ateratzerik akusazio bakarra popularra izanda. Ibarretxeren abokatuak aldiz, bistarekin aurrera jarraitzeko galdegin zuen, auzipetu guztien errugabetasuna frogatu zedin. 2006ko uztailean, Lehendakariak alderdi politiko guztiekin egindako bilera-txanda baten baitan, ezker abertzaleko buruekin ere batu zen. Ermuako Foroak eta Dignidad y Justicia elkarteek, elkarrizketa horiek Batasunaren ilegalizazioa desobeditu eta Alderdien Legea urratzen zutela iritzita, helegitea jarri zieten 8 politikariei. Epaimahaiak, hura artxibatu eta auzipetuak errugabetu zituen.