GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

43 urte, eskuin muturreko indar parapolizialek Ana Tere Barrueta bortxatu eta hil zutenetik

1980ko urtarrilaren 9an eskuin muturreko indar parapolizialek Ana Tere Barrueta 19 urteko gaztea hil zuten, bortxatu ondoren. Ez zuten inoiz erasotzailerik identifikatu edo atxilotu.


Ana Tere Barruetak 19 urte zituen eta etxera bidean zen, euskara eskolatik bueltan. Hain zuzen ere, Loiun, bere etxetik 100 metrora aurkitu zuten bere gorpua, ia-ia biluzik. Torturatu, bortxatu eta jantzita zeraman gerrikoarekin ito zuten, 1980ko urtarrilaren 9an. GAE eskuin muturreko talde parapolizialak bere gain hartu zuen erasoa.

Hilaren 17an, Erretenteriako Emakumeen Taldeak deituta, greba egin zuten Oreretan, inguruan jazotako bortxaketak eta Barruetaren heriotza salatzeko. Herriko hainbat eragileren babesa jaso zuten mobilizazioek, eta jazarpen latza poliziaren aldetik.

Guardia Zibilaren esku geratu zen ikerketa, baina ez zuten erasotzailerik atxilotu, ezta identifikatu ere. Hori ikusita, hainbat herritarrek Ikerketa Batzorde Herrikoia eratu zuten, jazotakoa aztertzeko. Mehatxuak jasan zituzten, batzordeko kideetako baten etxera sartu eta hormetan «Martxista. Urdanga. Bortxatuko zaitugu» margotzeraino.

Barruetaren erasoaren ondoren, urte bereko maiatzaren 8an, Maria Jose Bravo hil zuten Donostian. Eskuin muturreko indar parapolizialek 16 urteko gaztea bortxatu eta kolpeka hil zuten, eta haren bikoteari ere sekulako jipoia eman zioten. Eraso hau Batallón Vasco Españolek hartu zuen bere gain.