GAUR8 - mila leiho zabalik

Aireontzien grabitate zentroa kalkulatzeko metodo berritzaile bat garatu du Teknikerrek

Oreka hobetzeko eta hegaldi operazioak optimizatzeko aukera ematen du Tekniker euskal ikerketa zentroak aireontzietan grabitate zentroa kalkulatzeko garatu duen tresnak. Sistemak maniobra eraginkorragoak egiteko informazioa eskaintzen du, erregai kontsumoa eta isurketak murriztuz.

Oreka hobetzen eta hegaldi-operazioak optimizatzen laguntzera bideratuta dago Tekniker ikerketa zentroaren sistema berria. (Tekniker)

Aeronautika sektorean, eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzen lagunduko duen 3D neurketa sistema berritzaile bat garatu du Tekniker ikerketa zentroak. Tresna berriak pisua, grabitate zentroaren kokapena edo kargaren inguruko datuak ematen ditu, eta informazio horrek maniobra eraginkorragoak eta jasangarriagoak ahalbidetzen ditu.

Ohar batean, zentro teknologikoak azaldu du aeronautika sektorean garatzen ari diren azken aurrerapen teknologikoak garraio sistema adimendua, berdea eta integratua lortzera bideratuta daudela, ingurumen inpaktua murriztu eta Europar Batasunak finkatutako helburuak lortzeko asmoz.

Neurketa hiru dimentsiotan

Gaur egun, hegazkinak pisatu eta orekatzeko erabiltzen diren sistemek bi dimentsiotan egiten dituzte neurketak, «eta mugak dituzte grabitate zentroa ezagutzeko. Testuinguru horretan, hainbat parametro hiru dimentsiotan neurtzeko aukera ematen duen soluzioa da euskal ikerketa zentroak mahaigaineratu duen proposamen teknikoa.

«Lortutako informazioari eta emaitzei esker, hegaldia eta maniobrak kontrolatzeko sistema aurreratuetan lan egin ahal izango da, batetik, erregai-kontsumoa, isuriak eta jardueren ingurumen inpaktua murrizteko eta, bestetik, hegaldian zehar maniobra desegokien arriskua minimizatzeko», azladu dute.

Sistema berria bere konfigurazioan aldaketak egiteko aukera ematen duten aireontziak ebaluatzeko pentsatuta dago, hau da, «tiltrotor motako hegazkinak, helikopteroak edo dronak» bezalako gailuetan erabil daiteke, zeinetan karga-banaketak eragin nabarmena izan dezakeen horien portaeran, «baina hegazkinetan eta ibilgailuetan ere aplika daiteke (kamioiak, lehiaketa-autoak…)».

Patenteen Europako Bulegoari eskatu zaio sistemaren patentea, zehaztu dutenez.