GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

35 urte, Piarres Lartzabal euskaltzaina zendu zenetik

Piarres Lartzabal lapurtarra apaiz eta idazlea izan zen, eta euskaltzain oso 1963tik aurrera. Hego Euskal Herriko errefuxiatuei aterpe emateagatik ezagun, 1988ko urtarrilaren 12an hil zen.

Piarres Lartzabal urtarrilaren 12 batez zendu zen. (Wikimedia Commons)

1915eko maiatzaren 7an Azkainen, Lapurdin, jaioa, hainbat urtez Ziburun apaiz ibili zen Piarres Lartzabal. Duela 35 urte zendu zen, urtarrilak 12 zituela. Ikerlanak, azterketa politikoak eta pastoralak idatzi zituen, besteak beste, eta euskal literaturak izan duen antzerkigile emankorrenetakoa dela esan daiteke. Ehun lanetik gora idatzi zituen, liburu formatuan zein aldizkarietan, artikulu gisa.

Soldadu ere ibili zen Bigarren Mundu Gerran eta ondoren, laguntza eman zien nazien aurkako erresistentzian ibili zirenei. 1950etik aurrera Francoren erregimenetik ihesi Ipar Euskal Herrira heltzen zirenekin gauza bera egin zuen.

Euskaltzain oso izendatu zuten 1963an. Urtebete geroago Baionako Euskal Idazkaritzak euskararen batasuna arautzearen aldeko kanpaina abiatu zuen, eta haren alde agertu zen Lartzabal ere, garaiko beste zenbait kulturgilerekin batera.

Anai Artea elkarte humanitarioaren sortzaileetako bat izan zen. Lapurdin sortu zuten, 1969an, Lartzabalek berak eta Telesforo Monzonek, beste batzuen artean, Monzon lehendakari eta Lartzabal idazkari zirela. Hego Euskal Herritik iparraldera ihes egindako erbesteratuei laguntzeko eratu zuten elkartea, baita presoei zein haien familiei ere. ETAk Alemaniako kontsula bahitu zuenean bitartekari lanak egin zituen elkarteak, askatu zezaten.