18 ENE. 2023 Gaur X urte 2004ko urtarrilaren 18an Josu Jon Imaz hautatu zuten EAJko presidente Gaur egun Repsoleko kontseilari ordezkaria den Josu Jon Imaz EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidente hautatu zuten duela 19 urte, 2004ko urtarrilaren 18an. Xabier Arzalluzen lekukoa hartu zuen postu honetan eta 2007ko irailera arte egon zen. Imaz, EBBko presidente gisa eman zuen lehenengo hitzaldian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 19 urte pasa dira Josu Jon Imaz EAJko EBBko presidente aukeratu zutenetik 2004ko urtarrilaren 18an, Xabier Arzalluzen atzetik, 2007ko irailaren 12ra arte. 2008an Petronor enpresako presidente izendatu zuten eta gaur egun Repsoleko kontseilari ordezkaria da. Berez, kimikan doktorea da Imaz, Euskal Herriko Unibertsitatean, baina ibilbide politikoa 15 urterekin hasi zuen, 1978an EAJko kide egin zenean, EGI gazte erakundearen bitartez. Zumarragakoa izanik, hango EGIko presidente izan zen 1979 eta 1982 bitartean. Besteak beste, EAJko Aberri Batzarraren buru izan zen ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, hiru garai desberdinetan. Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) eta Zumarragako zinegotzi izan ondoren, eurodiputatu izateko aukeratu zuten 1994an. Europako Parlamentuan egon zen garai horretan Europako Alderdi Demokrataren presidenteordea izan zen ere. 1999tik aurrera Lakuako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua izan zen Josu Jon Imaz, 2004ko urtarrilera arte, hots, EBBko buru izendatu zuten arte. 2007an adierazpen bat igorri zuen politika utzi eta jarduera profesionalera itzuliko zela esanez, ETAk atentatuak egiten jarraitzen zuen bitartean kontsulta bat egitearen aurka zegoelako. Ameriketako Estatu Batuetara joan zen eta Iñigo Urkullu izan zen bere oinordekoa.