GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

46 urte ikurrina berriz legeztatu zenetik

1937tik debekatuta egon ostean, 1977an berriz legeztatu zuten ikurrina, Euskal Herriko bandera. Frankismoan hainbatetan atera zen kalera, baina duela 46 urte hasi ziren hainbat udaletxetan zintzilikatzen, desadostasunak egon baziren ere.

Ikurrina eta amnistiaren aldeko bandera, Bergarako Udalean, 1977ko urtarrilaren 19an. (Roman Larrañaga, ‘Euskal Herria 1970-1990 Historia iruditan’)

Duela 46 urte ikurrina berriz legeztatu zen Hego Euskal Herrian. Francisco Franco diktadorea hil ondoren eta Estatu espainola Adolfo Suarezen gobernupean zegoelarik, Rodolfo Martin Villa Gobernazio Ministroak ikurrinarekiko «tolerantzia» neurri bat hartu zuen. Hortaz, geroztik bandera erakustea ez zuten jazarriko.

Hurrengo egunean, urtarrilaren 19an, Donostiako Udalean agertu zen ikurrina, Bigarren Errepublika espainoletik zintzilikatu ez zena. Arratsaldean ospatutako udal batzar batean Donostiako danborradaren gauerdiko hastapen ospakizunean Euskal Herriko bandera zintzilikatzeko erabakia aho batez hartu zuten. Aldi berean Irun, Azkoitia eta Hondarribiko udaletxeetan zintzilikatu zuten ere bai, Gipuzkoako Gobernadore Zibila dimisiora eramanez.

Bizkaian kalera atera zuten lehenengo ikurrina Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean zintzilikatu zutena izan zen, Bilbon. Geroago, Garai, Mungia eta Bermeon agertu zen Luis Arana Goirik XIX. Mendean asmatutako bandera. Bilbon, baina, udal agintariak legeztatzearen aurka agertu ziren eta Bizkaiko Gobernadore Zibilak dimisioa aurkeztu zuen. Azkenean, uztailean eskegi zuten ikurrina hiriburuaren udaletxean.

Araban egoera bestelakoa izan zen, Aramaion baino ez zutelako ikurrina legeztatu bezain pronto jarri. Gasteizen, bitartean, udal agintariek uko egin zioten zintzilikatzeari eta ez zuten kalera atera uztailaren 25era arte.

Nafarroan, legeztatu zenetik hainbat udalerrik eskegi zuten ikurrina, 1980ra arte. Urte horretan bertan, hain zuzen, Nafarroako Foru Aldundiak berriz ere debekatu zuen eta Nafarroako bandera baino ez zen onartzen.