20 ENE. 2023 Gaur X urte 1935eko urtarrilaren 20an jokatu zen lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusia Euskaltzaleak elkarteak eta Euzko Gaztedik antolatuta, duela 88 urte, 1935eko urtarrilaren 20an jokatu zen lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusia Donostian. Iñaki Eizmendi “Basarri” gaztea izan zen garaile beste 19 bertsolariren aurka. Ezkerrean, Basarri, lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusiaren irabazlea. (Indalecio Ojanguren | Wikimedia Commons) GAUR8 Donostiako Poxpolin Antzokiak hartu zuen lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusia 1935eko urtarrilaren 20an, gaur 88 urte. Euzko Gaztedik eta Euskaltzaleak elkarteak antolatuta, Joseba Zubimendi kazetariak aurkeztu zuen eta 20 bertsolarik parte hartu zuten. Garailea Iñaki Eizmendi “Basarri” ezizenaz sinatzen zuen kronista errezildarra izan zen, orduan 21 urte zituelarik. Honen atzetik, bigarren postuan, Matxin Irabola geratu zen; ondoren, Akilino Izagirre “Zepai” eta Fernando Alkain. Ez zen kanporaketarik egon eta lehenengo lau postuetara heldu ez zirenak Esteban Uriarte “Utarre”, Aieteko Etxebarria, Euxebio Eizmendi “Txapel”, Jan Piarre Larralde “Panpale”, Jose Manuel Lujanbio “Txirrita”, Jose Maria Berra “Tellaetxipi”, Juan Jose Sarasola “Lexo”, Juan Zabaleta, Ordiziako Mintegi, Nikolas Sorozabal, Juan Mari Salegi “Kortatxo”, Patxi Erauskin “Errotaria”, Pello Zabaleta, Prudentzio Abarrategi “Besamotza” eta Joxe Kruz Larrañaga “Nekezabal” izan ziren. Epaimahaia, bestalde, Joseba Zubimendik, Jose Ariztimuño “Aitzol”-ek, Toribio Altzagak, Jose Olaizolak eta Txomin Olanok osatu zuten. Bigarren txapelketa, gerraurrean oraindik, Victoria Eugenia Antzokian ospatu zen eta, 30 parte-hartzailetatik “Txirrita” atera zen garaile. Gerra igaro ondoren, Euskaltzaindia hasi zen Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatzen 1960an, 1980ko hamarkadan Bertsozale Elkarteak lekukoa hartu zuen arte.