01 FEB. 2023 Gaur X urte Ertzaintzaren lehen promozioa atera zen Arkautitik duela 41 urte 1982an Ertzaintzaren lehen promozioa atera zen Arkautitik. Poliki-poliki Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zehar hedatzen joan zen Lakuako Gobernuaren polizia, eta 1995ean EAE osoaren ardura hartu zuen. Gaur egun, 8.000 ertzain daude. Ertzainak entrenatzen, Gasteizen. (Juanan RUIZ | FOKU) GAUR8 Ertzaintzaren aurreneko promozioa atera zen 1982ko otsailaren lehenean Arkautitik. Geroztik, ertzain berriak prestatzen dituzte erregularki Araban kokatutako polizia ikastegian. Joan den abenduan, 660 ertzainek hasi zuten praktikaldia, horietatik 457 gizonak eta 203 emakumeak, 31 destinotan. Urtarrilean, 532 ikaslek bederatzi hilabeteko prestakuntza hasi zuten. 159 emakumeak dira. Gehienak, %63,9, Bizkaian bizi dira. Hamarretik zazpik B2 edo C1 euskara maila egiaztatu dute. XIX. mendeko udal milizietatik dator Ertzaintza. Lehendabiziko gerra karlistan, Bizkai eta Gipuzkoako Mikeleteak eta Arabako Miñoiak eratu ziren. 1936ko gerran, Euskal Autonomia Estatutua jarri zen indarrean eta oinarri horren gainean gobernu autonomikoa sortu zen. Polizia eredu propio bat izatea lehentasunen artean zegoen.Hala jaio zen Ertzaña, bi atalekin, oinezkoena eta motorduna. 1.500 bat agente zituen. Gerra galtzearekin batera deuseztu zen Ertzaña, baita Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-kidegoak ere. Orduan, Araban eta Nafarroan gelditu ziren euskal foru-poliziak izandakoen gotorlekuak.Handik 40 urtera, diktadura amaitu zenean, Lakuako Gobernuaren Herrizaingo Sailak erakunde haren ekarpena jaso eta 1980an polizia autonomo berria diseinatu zuen. Errege Dekretu batek Bizkai eta Gipuzkoako Foralak eta Mikeleteak ezarri zituen berriro, eta beste era batera osatu zuen Arabako Miñoien kidegoa. Erakunde horien batura da Ertzaintza.