GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Dolores Ibarruri, Pasionaria, etxera itzuli zen

Dolores Ibarrurik duela 47 urte eskatu zuen pasaportea Estatu espainolera itzuli ahal izateko, 1936ko gerraren porrotaren ostean Errusiara erbesteratu eta gero. Francoren diktaduran zehar bertan bizi izan zen.

Dolores Ibarruri Errumaniako presidentea zen Nicolae Ceauşescu-rekin, Bukaresten 1972an. (CC)

Irakaslea izan nahi zuen Gallartako Dolores Ibarrurik (1895), baina familia txiroa zuenez, ikasketak utzi behar izan zituen. Hamaika anai-arreben artean zortzigarrena zen, eta laguntzeko goiz hasi behar izan zuen jostun moduan lanean. Gero neskame ibili zen etxe batean.

Gaztetatik doluan egon zen; aiton-amonengatik lehenengo, aitarengatik ondoren, berak jositako arropa beltzak zeramatzan beti soinean. Aita karlista zen eta alaba mitinetara bidaltzen zuen, eta bertan piztu zitzaion politikagatik interesa.

21 urterekin Julian Ruiz Meatzari sozialistarekin ezkondu zen. Familiak ez zuen ezkontza hura babestu, senarraren ideologia politikoa dela eta. Ibarrurik ideia horiek barneratu zituen eta langile kontzientzia hartu zuen. Bere ustez, injustiziari aurre egiteko bide bakarra sozialismo komunista zen.

Estatu espainoleko Alderdi Komunistaren sorreran parte hartu zuen eta bertan militatu zuen hil arte. Laster lider bezala nabarmendu zen, “Pasionaria” ezizena jasoz. Senarrarengandik banatu eta Madrilera joan zen “Mundo Obrero” egunkarian idazteko. Idatzitakoagatik eta mitinetan parte hartzeagatik atxilotua izan zen.

38 urte zituela alderditik Moskura bidali zuten lehen aldiz, Josef Stalin ezagutzera. Asturiasko iraultzan parte hartu zuen ere bai, eta orduztik ihesi bizi izan behar izan zuen, eta seme-alabak Errusiara bidali zituen. Bera ere hara erbesteratu zen errepublikarrek 1936ko gerra galdu zutenean.

Franco hil zenean Estatu espainolera itzuli nahi izan zuen. Hain justu, 1977ko otsailaren 17an, duela 47 urte, pasaporte espainola eskatu zuen Asturiasera itzuli ahal izateko. 1989an hil zen, Madrilen, 93 urte zituela langile borrokaren ikono bat bihurtuta.