GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Oiz mendiaren kontra talka egin zuen hegazkin batek eta 148 bidaiariak hil ziren, duela 38 urte

Madrid-Bilbo norantza zuen Iberiako Boeing 727 hegazkinak Oiz mendiaren gailurrean zegoen ETBren antena kolpatu eta kontrola galdu zuen. Eztanda etorri zen ondoren, eta bidaiari guztiak bertan hil ziren.

Istripu osteko irudi bat, Oiz mendian. (NAIZ)

1985eko otsailaren 19a zen eta Madriletik Bilbora zihoan Iberiako hegazkin batek istripu izugarria izan zuen Oiz mendian, honen kontra talka egin zuenean. Hegazkinean zeuden 148 pertsonak hil ziren.

‘Alhambra de Granada’ izena zeraman Boeing 727 hegazkina, sei urte baino gutxiagokoa, Barajaseko aireportutik abiatu zen 8.47etan, eta Sondikara iritsi behar zuen 9.35etan. 141 bidaiari eta 7 tripulante zeramatzan.

Helmugako aireportura iristear zela, 2.133 metroko garaieran, hasi zen gerturatzen lurrera. 1.231 metrora zegoela alarmak baxuegi zihoala adierazi zuen, baina tripulazioak pentsatu zuen gerturaketa alarma zela eta ez zion garrantziarik eman. Jaisten jarraitu zuen, 9.27etan Oiz mendiko gailurrean (1.026 metro) zegoen ETBren antenarekin talka egin zuen arte, 370 kilometro orduko abiaduran.

Talkaren ostean, pilotoak hegazkinaren kontrola galdu zuen eta mendiaren kontra jo zuen. Maldan behera erori zen eta motorrek eztanda egin zuten. Eztandaren ondorioz hegazkinean zeuden pertsona guztiak hil ziren eta sei gorpu bakarrik berreskuratu ahal izan zituen.

Istripuaren arrazoiak alarmaren interpretazio txarra eta gerturatzeko hautatutako altuera eskasa izan ziren arren, altimetroa oker zebilela ere jasotzen da dokumentuetan. Bestalde, aipagarria da Iberiak erabilitako nabigazio kartetan ez zela agertzen Oiz mendia bera ezta 54 metro neurtzen zituen antena.

Istripua Bilbotik gertu gertatu zenez, jende ugari bertaratu zen biktimen gorpuak berreskuratzen laguntzeko intentzioarekin. Bestalde, lekuko batzuek kontatu zuten lapurrak ikusi zituztela hildakoen ordulariak eta eraztunak eramaten. Guztira, 700 pertsona inguru joan ziren Oiz mendira, kaosa sortuz, eta Guardia Zibila eta Ertzaintzaren artean arazoak eraginez.

Prentsa egoeraz probestu zen eta hildakoen argazkiak argitaratu zituzten, inoren baimenik gabe, eta zurrumurruak elikatzeko, Jose Luis Patiño pilotua alkoholaren eraginpean zegoela zabaldu zen (gerora konprobatu zen gezurra zela).