GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Saharako Errepublika Demokratikoa, 47 urte ailegatzen ez den askatasuna borrokatzen

Fronte Polisarioak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen gaur, duela 47 urte. Ordea, egun Sahara ez da herrialde independente bat, Marokoren menpe baitago lurraldearen eremu handi bat. Tindufeko errefuxiatuentzat kanpalekuetatik aldarrikatzen dute dagokien askatasuna.

Sahara-Euskadi mugimenduaren ekitaldia Bilbon, 2021eko otsailean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren sorrera duela 47 urte aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak, hain zuzen, 1976ko otsailaren 27an. Bezperan, tropa espainiarrek hango lurrak abandonatu zituzten beren erantzukizun «etiko, politiko eta historikoekiko» lotura guztiak hautsiz. Hala, Mendebaldeko Sahara Marokoren eta Mauritaniaren esku gelditu zen hasiera hartan.

Nazio Batuek 1967an planteatu zioten Sahararen independentzia Estatu espainiarrari, baina honek Mauritania eta Marokorekin zituen desadostasunak tarteko, ez zen gauzatu.

Saharar herriak autodeterminazio-irrikak zituen, eta 1973tik aurrera, urte horretan bertan sortutako Fronte Polisarioak ekintzak hasi zituen kolonialismoaren aurka. Deskolonizazio prozesua etenda zegoen, eta aipatu Marokok eta Mauritaniak lurraldea aldarrikatzen zuten.

Geroztik, lau hamarkada luze igaro dira eta sahararrak bi eremutan banatuta bizi dira: Marokoren kontrolpean mendebaldean (1975. urteaz geroztik), eta Tindufeko errefuxiatuen eremuan, Fronte Polisarioaren babespean.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zen egun berean aurkeztu zen herrialdearen bandera. Kolore bakoitzak esan nahi bat zuen; gaurkotasunik ez du galdu. Goialdeko beltzak sufrimendua irudikatzen du, tarteko zuriak bakea erdiesteko borondatea eta behealdeko berdeak etorkizunean dauden itxaropenak. Triangelu gorriak, sufrimendutik bakeraino isuriko den odola iradokitzen du eta erdigunean agertzen diren ilargia eta izar gorriak mundu arabiarrarekiko bake mezua dira.

Gaurdaino, nazioarteko herrialde askok aitortzen dute ofizialki SEAD, eta beste askok harreman politikoak ditu Saharako Errepublikarekin Fronte Polisarioaren bidez. Era berean, Nazio Batuen Erakundeak 1966 urteaz geroztik aitortzen dizkio independentzia eta autodeterminaziorako dituen eskubide zilegiak. Ordea, Marokok gatibu dauka.