GAUR8 - mila leiho zabalik

Hanturazko gaitz larrien detekzioan nanopartikula luminieszenteen erabilerarako bidearen lehen urratsa EHUn

Hantura (inflamazio) prozesu larriak dituzten gaitzen detekzioa azkartzeko eta horien jarraipen fidagarriagoa egiteko nanopartikula kimioluminiszenteen erabileraren aldeko apustua egiten duen ikerlana burutu du Mirian Peñak. Nanomaterial berrien erabilerak teknika tradizionalen mugak gaindi ditzakeela erakutsi du.

Mirian Peña ikerlaria, laborategian. (UPV/EHU)

Hantura prozesu larriekin lotura duten artritisa, Crohnen gaixotasuna edota kolitis ultzeraduna bezalako gaitzen detekzio azkarrago batean eta jarraipen fidagarriago batean paper garrantzitsu bat joka dezakete nanopartikula kimioluminiszenteen erabilerak, azterlan batek erakusti duenez.

Eremu horretan garatu du Mirian Peña Figeroak Gradu Amaierako Lana EHUko Kimika Fakultatean. Nanopartikula horiek dira gakoa, azaldu duenez, detekzio azkarrago bat egiteko, jarraipen fidagarriago bat egin ahal izateko eta hantura prozesu larrietan zerikusia duten neutrofiloen kuantifikazio zehatzago bat lortzeko.

Erronka da hantura prozesu larrietan tradizionalki erabiltzen diren teknikak gainditzea, ez dutelako informazio askorik ematen prozesu horietan parte hartzen zuten neutrofiloei buruz.

Detektagailuak kapsularatzea

Peñaren lanak frogatu du posible dela neutrofilo detektagailuak kapsularatzea proteinen antzeko tamaina duten partikula bigun eta biobateragarrien mota berezi batean.

«Substantzia arrotz edo agente infekziosoen aurka defendatzeko odolean ditugun globulu zuri guztietatik neutrofiloek dute eginkizun garrantzitsuena hantura prozesu larriei erantzuteko, baina gaixotasun askoren –hala nola artritisaren, gaixotasun kardiobaskularren eta alzheimerraren– hasierarekin ere lotuta daude, baita nahasmendu metabolikoekin ere, hala nola obesitatearekin eta diabetesarekin», azaldu du ikertzaileak.

Erantsi duenez, «hantura prozesu kronikoen hasierarekin ere lotuta daude; halakoen adibide dira biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK) –biriketako aire fluxua buxatzea eragiten duena–, hesteetako hanturazko gaixotasunak –hala nola Crohnen gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna–, bai eta ateroesklerosia ere».

«Posible da mota horretako zundak (luminola, isoluminola...) nanopartikula bigun eta biobateragarrietan immobilizatzea, sentsore kimioluminiszente gisa joka dezaten hantura prozesu larrien eredu sinplifikatuetan. Hori da nanomaterial kimioluminiszente berriak garatzeko lehen urratsa, detekzio azkarragoa, jarraipen fidagarriagoa eta hantura prozesu larrietan inplikatutako neutrofiloen kuantifikazio zehatzagoa lortzeko», adierazi du ikerlariak.