01 MAR. 2023 Ione Zuloaga Muxika: «Berandu da, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik gertatutakoa jaso behar» Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea da Ione Zuloaga Muxika, historia garaikidean espezializatua. Gipuzkoan errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasan zituzten emakumeei buruzko doktoretza ari da egiten azkoitiarra (1995). Este navegador no soporta el elemento video. Amagoia Mujika Herriz herri osatzen ari diren memoria historikoa josteko lanean ari da Aranzadin historialari gaztea. Kasu askotan, hamarkada luzeetako isiltasuna historialariaren aurrean hausten du testigantza ematera gerturatzen den herritarrak. Izan ere, 1936ko gerrako hobietan ezkutatuta dago historiaren parte bat. Etxe askotan hamarkada luzez izan den isiltasunak mututu du beste bat. Lur azpitik ateratzen diren hezurrek kontatzen ez dutena topatzea da historialariaren lana, dokumentuekin eta testigantzekin historia osatzea. 1931tik, Errepublika aldarrikatu zenetik, 1945-1959 bitartera arte eta 1959tik gaur egunera arte izandako errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasotzen ari dira Aranzadiko ikertzaileak, udaletxe desberdinekin egindako hitzarmenak tarteko. Ione Zuloaga Muxika historialariak agertu duenez, «hobi komun batean fusilatu bat edo errepresaliatu bat agertzen denean, pertsona horrek hezurren bidez hitz egiten du, baina puntu bateraino. Guk, nolabait, hobi horretan dagoen pertsonaren historia aztertzen dugu; artxiboetara joan, dokumentazioa aztertu, testigantzak jaso... Pertsona asko etortzen dira Aranzadira eta beste kasu batzuetan guk deitzen diegu. Finean, dokumentuek ez dute guztia esaten eta osaketa horretan testigantzak garrantzitsuak dira».