17 MAR. 2023 Gaur X urte Piarres Xarriton euskaltzale handia duela sei urte joan zitzaigun 2017ko martxoaren 17an hil zen Baionan, 95 urte zituela, Piarres Xarriton Zabaltzagarai abertzale borrokatua eta intelektual oparoa. Irakasle, ikertzaile eta euskaltzain emeritua, saltsa guztietan sartuta ibili zen, beti euskara eta aberriaren alde borrokan. Piarres Xarriton 2008an, Durangon. (Andoni CANELLADA | FOKU) GAUR 8 Xipri Arbelbidek azpimarratu izan ohi du Piarres Xarriton (Hazparne, Lapurdi, 1921 - Baiona, 2017) «XX. mendeko Ipar Euskal Herriko bortz gizon handienetarik bat» dela. Eta ez zaio arrazoirik falta. Hemen adibide batzuk: 1950eko hamarkadako lehen urteetan Parisko Euskal Etxea sortu zuen, 1960. urtean Hazparnen Langintza-Eskola sortu zuen (zuzendari egon zen sei urte, baina kaleratu egin zuten Hegoaldeko errefuxiatuei emandako babesagatik) eta 70. hamarkadaren hasieran Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) sorrera-taldean parte hartu zuen. Hazparneko nekazari familia baten jaioa, garaiko ohitura jarraituta, Seminarioan sartu eta apaiztu egin zen. Luzaroan apaiza izan ondoren, 1974an Quebecera bidali zutenean sekularizazioa eskatzea erabaki zuen gero emazte izango zuen Ane Durrutirekin maitemindu baitzen. 1977an Baionara itzuli ziren. Gaztetatik abertzale borrokatua, tai gabe aritu zen gazteriaren eta euskararen alde. Hori dela eta, Ipar Euskal Herrian erreferente izan da hamarkada askotan. Artikulu eta liburu ugari argitaratu zituen Xarritonek eta, besteak beste, Jean Etxepareren eta Piarres Lartzabalen lanak batu eta aztertu zituen. Literatura eta euskal politikaren inguruan sarri idatzi zuen. Hiztegigintzan ere ibili zen. Gizon kementsua, atsegina oso, maitagarria eta oso gertukoa, hainbat ekimenetan bultzatzaile izan zen: Ikastolak, Gure Irratia... Filosofian lizentziaduna eta Teologian eta Euskal Ikasketetan doktore, besteak beste, EHUn ibili zen irakasle eta aspaldi erretiroa hartuta zegoen.