GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Bukatzeke dagoen Bartzelonako Familia Santuaren lehen harria jarri zuten orain 141 urte

1882ko martxoaren 19an, San Jose egunean, Urquinaona apezpikuak Bartzelonako Familia Santuaren basilikaren lehen harria jarri zuen. Ordutik 141 urte pasa dira eta Kataluniako eraikin ikonikoenak bukatu gabe jarraitzen du. Baina hurbilago omen du azken harria Familia Santuak, data ezarri diotelako: 2026 urtea. Hasi eta ia mende eta erdira.

Bartzelonako Familia Santuaren basilika 2026rako bukatu nahi dute. (TURISME BARCELONA)

Bartzelonako Familia Santuaren basilika (izen osoa Temple Expiatori de la Sagrada Família), Unescok 2005ean mundu-ondarea izendatu zuen eraikina, Bartzelonako erakargarritasun handienetako bat izateaz gain, mundu zabalean ospetsua da oso. Asteburu honetan 141 urte beteko ditu... oraindik bukatu gabe dagoen arren.

Eraikin ikusgarri honen ibilbidea 1881eko abenduaren 31n hasi zen, Josep Maria Bocabellak eliza bat eta eskola batzuk eraikitzeko lur eremu batzuk erosi zituenean. Proiektua aurrera eramateko Francesc de Paula del Villar arkitekto neoklasikoa kontratatu zuen. 1882ko San Jose egunean elizaren lehen harria jarri zuen apezpikuak, baina urte baten buruan dena aldatu zen. 1883 urtearen amaieran, Gaudik hartu zuen lanen zuzendaritza, eta arduradun nagusi jarraitu 1926an hil zen arte.

Orduz geroztik, Gaudiren jatorrizko asmoari eutsiz, bisitarien laguntzei esker bildutako diruarekin joan da handitzen eraikina. Familia Santuan, hain zuzen, bekatuak kitatzeko balio du bertan uzten den diruak. Sarrerak erosten dituzten turista ugariek –Europako bigarren tenplu bisitatuena da, Erromako San Pedroren ondotik– ez dute akaso jakingo txarteldegian utzitako sosek bekatuak ezabatzen dizkietenik, baina planorik gabe eraikitzen ari den eliza erraldoia horiei esker ari da handitzen. Planoak, hain zuzen, erre egin ziren Gerra Zibilean, baina horrek ez du eragotzi lanen martxa. 

141 urte hauetan Familia Santuaren basilika hiriaren ikurra bihurtu da. Eta zalantza askoren iturri ere, zeren noizbait bukatuko ote dute? Okerrik ez bada, eta hori asko esatea da Antoni Gaudik irudikatu zuen tenpluaren kasuan, hiru urte barru jarriko dute azken harria, 2026 urtean, hasi eta ia mende eta erdira; zehazki, hasi eta 144 urtera.