27 MAR. 2023 Gaur X urte 1932ko martxoaren 27an izan zen lehen Aberri Eguna 91 urte dira 1932ko martxoaren 27an lehen Aberri Eguna antolatu zutena. Bilbon izan zen eta 60.000 pertsona inguru batu ziren mobilizaziora, Euskal Herriko hainbat tokitatik iritsitakoak. 1932ko Aberri Eguna, Bilbon. (Auñamendi Eusko Entziklopedia) 1932ko martxoaren 26ko gauean, Euskal Herriko hainbat mendi tontorretan suak piztu zituzten, hurrengo egunean Bilbon ospatzekoa zen Aberri Eguna iragartzeko. Duela 91 urteko martxoaren 27an, hainbat komunikabidek eman zuten Aberri Egunaren berri. Jai bezala planteatu zuten eta Bizkai Buru Batzarrari laguntza teknikoa eta aholkularitza emateaz arduratzen zen Euzko Idazkaritza Burubak antolatu zuen. Garaiko hedabideek azaldu zuten pixkanaka milaka bidaiari zeramatzaten trenak iritsi zirela Bilbora eta 500 autotik gora heldu zirela Bizkaiko hiriburura. Nafarroatik abiatutako autobus eta autoak ere izan ziren. Horiek azken orduan iritsi ziren, «istiluengatik», ‘Aberri Eguna’ aldizkarian idatzi zutenez. 36 lurrunontzitxo ere hurbildu ziren, jendez gainezka, Bilboko itsasadarrera euskal kostaldeko hainbat lekutatik, elkarretaratzea zela eta. Manifestazioa 10.30ean abiatu zen eta 60.000 pertsona inguruk hartu zuten parte. Eguerdian amaitu zen, gaur egun EAJren egoitza nagusia den ‘Sabin Etxean’, Sabino Aranaren jaiotetxean, alegia. Bertan elkarretaratzea eginez bukatu zen mobilizazioa. Europako prentsak ere eman zuen kontzentrazioaren berri. Donostiako ‘El Día’ eta Erromako ‘El Tavere’ hedabideek 100.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zutela idatzi zuten, eta Madrilgo ‘El Debate’, ‘Informaciones’ eta ABC egunkariek 50.000 manifestari izan zirela. Parisko ‘Le Journal’ eta ‘La Croix’ egunkariek milaka manifestari izan zirela zioten.