GAUR8 - mila leiho zabalik

Gazteen artean euskararen erabilera eremu formaletan eta informaletan sustatzeko ekimena Bilbon

Gazteen artean eremu formaletan eta informaletan euskara sustatzea helburu duen ‘Euskaragaz egizu match’ ekimena jarriko dute abian Bilbon. 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta, estereotipoak eta aurreiritziak eraisteko estrategiak definituko dituzte.

Hezkuntzan euskara indartzearen aldeko mobilizazioa, artxiboko irudian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Eusko Ikaskuntzak ‘Euskaragaz egizu match’ ekimena jarri du abian. Gazteen arteko euskararen erabilera sustatzea du ardatz, eta datozen asteetan garatuko da Bilbon, BBK Kunarekin elkarlanean. Estereotipoak eta aurreiritziak eraistea eta euskara eremu formaletan zein informaletan sustatzea da helburua.

Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez, genero, jatorri eta hizkuntzaren ezagutza aniztasuna duten 16 eta 25 urte bitarteko gazteek euskararen egoeraren diagnostikoa egingo dute.

Hortik abiatuta, estereotipoak eta aurreiritziak gainditzeko estrategiak definituko dituzte, eta eremu formaletan zein informaletan euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzeko balioko duten gakoak, ekintzak eta palankak identifikatuko dituzte.

Lau tailer

Programak bi orduko lau tailer izango ditu apirilaren 19an eta 26an, eta maiatzaren 3an eta 10ean, Bilboko BBK Kunan.

Eusko Ikaskuntzaren GizarteLAB gizarte-berrikuntzako metodologia aplikatuz, dinamika interaktibo eta dibertigarrien bidez, gazteek euskara erabiltzeari buruz gaur egun dauden hipotesiak frogatuko dira, eta, aldi berean, parte-hartzaileek ekimen kooperatiboak diseinatzen ikasiko dute eta gizarte-gaitasun erabilgarriak garatuko dituzte.