GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 56 urte Juan Carlos Unzue futbolari eta entrenatzaile ohia jaio zen

Futbolarengatik egin zen ezagun, baina betirako oroitua izango da alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) diagnostikatu ziotenean, gaixotasun horretaz hitz egiterakoan itzulingururik gabe egin duelako, ozen eta argi. Nork bere mugak gainditzeko etsenplu bilakatu da Unzue.

Juan Carlos Unzueren iazko artxiboko irudi bat, Sadarren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Hiltzen ikasten duzunean, bizitzen ikasten duzu», hori esan zuen Juan Carlos Unzuek alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) gaixotasuna izan eta urte batzuetara. Nork bere mugak gainditzeko etsenplu da Bartzelonako atezain ohia eta talde horretako bigarren entrenatzailea izandakoa. Positibismoa, gardentasuna, eta eguneroko borrokaren ikur bilakatu da nafarra.

Izan ere, AEA gaixotasunaz mintzatzerakoan itzulingururik gabe aritu da, ozen eta argi. Gaur 56 urte pasatu dira Unzue jaio zela, 1967ko apirilaren 22an, hain zuzen ere.

Iruindarra ezaguna egin zen Bartzelonako atezaina izateaz gain, talde horretako atezainen prestatzailea eta bigarren entrenatzailea izan zelako, Luis Enrique lehen entrenatzaile zela. Osasunan eta Sevillan ere jokatu zuen atezain moduan.

Futbolarengatik egin zen ezagun, baina betirako oroitua izango da AEA gaixotasunari buruz hitz egitean normaltasunez egin duelako, gaixotasuna ezagutarazteko lan handia egiteaz gain. Bere bizitzaren norabidea aldatu zuen gaixotasun horrek: 2020an bere kirol ibilbidea amaitu baitzuen, AEA diagnostikatu ziotelako.

AEAz geroztik, aktibismoan jardun da

Harrezkeroztik, aktibismoan jardun da, gaixotasun horri buruz gehiago ikertzeko beharra azpimarratuta. Horretarako, AEAren aurkako borrokarako dirua biltzeko egindako ekitaldi askotan parte hartu du, hala nola, Pep Guardiola Manchester Cityko entrenatzaileak eta Joan Laporta Bartzelonako presidenteak parte hartu zuten golf txapelketa solidarioan.

Iaztik futboleko partidetako zuzeneko kontakizunetan aritzen da DAZN telebista katean.