05 MAY. 2023 Gaur X urte 1991an sortu zen UEMA, euskararen normalizazioa bultzatzen duen udal elkartea Udaletako jarduna euskalduntzearen alde sortu zen UEMA mankomunitatea gaur 32 urte Aizarnazabalean. 104 udalerrik osatzen dute gaur egun mankomunitatea. UEMAko ekitaldia 100 udalerri baino gehiago izatera iritsi zirenean (Jon Urbe | FOKU) Herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible egiteko lan egiten du UEMAk. Euskararen normalizazioaren alde egiten du lan eta %70etik gorako euskaldun indizea duten udalerriak izan daitezke mankomunitateko kide. 1991an sortu zen Aizarnazabalen, 17 udalek elkarlanean sortu zuten. Duela 32 urte, maiatzaren bostean sortu zuten, eta egun bizirik eta lanean jarraitzen duen elkartea da. Hasiera batean, ingurune oso euskaldunetako herri txikiek sortu zuten, herriak euskaraz funtzionatzen zuen bitartean udalak erabat erdaldunak zirela ohartuta. Eta beraz, momentu horretan administrazioan ere euskaraz jardutea zuen xede. Urteak aurrera egin ahala eta egindako lanaren ondorioz, udalak euskalduntzen ari ziren, baina plaza erdalduntzen ari zela ikusi zuen UEMAk. Egun, bi esparruetan eragiten saiatzen da mankomunitatea, plazan zein administrazioan; eta herritarrekin batera zenbait ekimenen bultzatzaile da.104k udalerrik osatzen dute gaur egun UEMA, eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalak biltzen dituen mankomunitate bakarra da. Eta eremu instituzionala euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da. Izan ere, euskara hutsean funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi duela erakutsi dute bertako udalek, eta herritarrentzako zein merkatarientzako zerbitzuak ere eskaintzen ditu.