08 MAY. 2023 Gaur X urte Naomi Klein, ekonomialaria baino askoz gehiago Aktibista sutsua da Naomi Klein kanadiarra, gaur 53 urte betetzen dituena. Azken urteotan klima aldaketaren aurkako mugimenduetan eragin handia izan du, baita ezkerreko politikaren aldekoetan ere. Ekonomialaria den arren, bere jardunak muga horiek gainditu ditu. Naomi Klein hitzaldi batean. (AFP) NAIZ “The shock doctrine” liburu arrakastatsuarekin egin zen mundu mailan ezaguna Naomi Klein ekonomialari kanadiarra. Bertan, Txile, Argentina, Polonia, Errusia, New Orleans eta Irakeko ekonomiako hainbat kasu aztertzen dira, bilakaeraren zergatia azalduz. 2007ko argitalpena 28 hizkuntzetara itzulia izan zen eta Berlingo Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zen dokumentala egin zuen haren inguruan (egun, Youtube plataforman ikusgai dago). Irabazitako ospeari esker, ekonomiako figurarik garrantzitsuenetariko bat bilakatu zen. Gaur 53 urte beteko dituen ekonomialariak ez du izan polemiketan sartzeko beldurrik. Izan ere, Irakeko gerrari kritika gogorra egin zion George Bushen inbasio osteko planak azalduz. Israelen kontrako boikotaren alde ere agertu zen, «okupazio odoltsuarekin» amaitzeko tresna gisa. Era berean, Venezuelaren aferan Hugo Chavezen alde agertu zen eskari publiko bat sinatuz eta hauteskundeetan bere aldeko bozka eskatuz.Ingurumenean eta klima aldaketan ere interesa agertu du Kleinek, eta “Occupy Wall Street” mugimenduarekin bat egin du antolatutako ekimenetan parte hartuz. 2009an Kopenhageko klimaren goi bileran hizlari bezala aritu zen eta Barack Obamari, orduko AEBko presidenteari, leporatu zion bileraren porrota, eta Kanada «klima-kriminala» zela adierazi zuen. 2016ean nazioarteko kanpaina bat sustatu zuen AEBri zigor ekonomikoak ezartzeko, baldin eta ez bazituen betetzen Parisko hitzarmenaren baldintzak. Bere liburu eta aktibismoarengatik hainbat sari jaso ditu, tartean ez fikziozko lanen Hilary Weston Writers Trust saria (2014) edo Sydneyko Bakearen Saria (2016).