15 MAY. 2023 Gaur X urte Duela 83 urte, McDonald anaiek lehen McDonald's jatetxea ireki zuten Richard eta Maurice McDonald anaiek gaur 83 urte lehen McDonald’s jatetxea ireki zuten San Bernardinon, Kalifornia. 1961ean, konpainia saldu zuten 2,7 miloi dolarren truke eta gaur egun 119 herrialdetan presentzia du «urrezko arkuaren» markak. Gaur egungo McDonald's jatetxe zaharrena eraikitako hirugarrena izan zen, 1953an inauguratua eta Downeyn, Kalifornia, dago. (Bryan HONG | WIKIMEDIA) GAUR8 1940ko maiatzaren 15ean, McDonald’sen janari lasterreko lehen jatetxeak ateak ireki zituen San Bernardinon (Kalifornia). Jatetxea, Richard James «Dick» eta Maurice James «Mac» McDonald anaiek sortua, hasiera batean barbakoan zentratu zen, baina 1948an bere menua sinplifikatu eta McDonald’s izena jarri zioten. Jatetxea frankizia bihurtu zen 1954an eta «urrezko arku» ikonikoa nagusitu zen jatetxearen diseinuan, Richard McDonaldek proposatuta. Anaiek ez zuten katea gehiegi zabaldu nahi eta jatetxe gutxi batzuk baino ez zituzten buruan hasiera hartan. Beste batzuek, ordea, amets handiagoak zituzten McDonald’sentzat. 1961ean, Ray Krocek anaiei konpainia erosi zien 2,7 milioi dolarren truke, eta jatetxe katea korporazio bihurtu zuen. Negozioa izugarri zabaldu zen. Hanburgesa multzo xume gisa hasi zena, erraldoi korporatiboa bihurtu zen eta gaur egun mundu osoko 119 herrialdetan presentzia dauka. Eguneko 68 milioi bezero inguru ditu, eta McDonald’sek irabazi handiak lortzen ditu. Adibidez, 2022an, urteko sarrerak 23.180 milioi dolarrekoak izan ziren. Maurice McDonald 1971n hil zen 69 urte zituela eta haren anaia Richard 89 urterekin hil zen, 1998an. Anaiak dirudun bihurtzeko ametsarekin hasi ziren. Zalantzarik gabe, ametsa bete zuten.