GAUR8 - mila leiho zabalik

Bonbardaketaren 86. urteurrena oroitzeko ekitaldiak egingo dituzte Galdakaon

Galdakaoko 1937ko bonbardaketan hildako 16 herritarrak oroitzeko ekitaldia egingo dute ostiralean herrian, 12.00etatik aurrera. 1936ko gerraren inguruko memoria ekitaldiak eskoletara helduko dira aurten eta gaur bertan Emakume Abertzale Batzaren inguruko hitzaldia egingo dute.

Biktimen omenezko lore eskaintza, arxtiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hurrengo ostiralean 86 urte beteko dira 1937an altxatutako faxisten agindupean Galdakao bonbardatu zutenetik. Guztira 28 bonbardaketa izan ziren Bizkaiko udalerrian urte hartan bertan. Maiatzaren 19an jazotakoan, hamasei herritar hil zituen Plazakoetxeko aterpearen sarreran jaurtitako bonba batek. 

Biktimak omendu eta gertakariak oroitzeko ekitaldi nagusia, beraz, ostiralean bertan izango da azken data horrekin bat eginez, 12.00etatik aurrera. Lore eskaintza egingo dute horren barruan. Osagarri modura hainbat hitzaldi antolatu dituzte herrian 1936ko gerraren inguruan, udal gobernuak ohar batean iragarri duenez.

Hitzaldiak ikastexeetan

Ander Aperribai historialariak “Gerra zibila Galdakaon” hitzaldia emango du herriko hainbat ikastetxetan. Asteazken honetan bertan (hilaren 17an), gainera, Emakume Abertzale Batzaren mendeurrena ardatz izango duen hitzaldia eskainiko du Lutxi Larrazabal Galdakaoko Gogorako kideak. Udaletxeko pleno aretoan izango da solasaldia, 19.00etatik aurrera.

Burdin Hesira bisita batek itxiko ditu oroimen ekitaldiak maiatzaren 27an, Toni Madina elkarteko kideak gidatuta. Kurtzeko Plazatik irtengo da bisita gidatua, goizeko 9.00etatik aurrera.