GAUR8 - mila leiho zabalik

Drogueria Amutioren salmahaira hurbildu da GAUR8, 75 urteko denda baten oroitzapenen bila

Gernikan 75 urte bete duen Drogueria Amutioren oroitzapenetara hurbildu da GAUR8, bonbardaketaren pasadizoaz, 30eko hamarkadako istorioez, izar ziren produktuez... hitz egitera. Herriko memoriaren zati bat osatu daiteke dendaren historiaren ondoan, betiko salmahaian hasita egungo sare sozieletara heltzeko.

Este navegador no soporta el elemento video.


Gernika-Lumon, merkatu plazatik oso gertu, 1948. urtean ateak zabaldu zituen denda batek 75 urte bete berri ditu. Familia bereko hiru belaunaldik kudeatu dute Drogueria Amutio, gertutasuna, konfiantza eta denda zaharrek izan ohi duten zuzeneko arreta horren arteko uztarketa batekin.

Bonbardaketaren oroimen ekitaldien harira, ibilbide hori nabarmendu dute herrian, haren historiak Gernikako historia garaikidearen zati bat den heinean. Salmahai horretara hurbildu da GAUR8, saltoki horren buruan egon diren azken bi belaunaldiekin oroitzapenak partekatzera eta erronka berriez hitz egitera.

Antonio Amutio aititek zabaldu zuen denda. Ez da ireki zuen lehenengoa, pasa den mendeko 30eko hamarkadaren hasieran beste saltoki bat izan zuen hirigunean bertan.

Garai haietako zenbait prentsa artikulu berreskuratu du Gernikazarra elkarteko Txato Etxanizek. Antza denez, itzelezko ospea zuten Amutiok saltzen zituen haziek, inguruko herrialdeetatik heldutako enkarguak izateraino.

Bonbetatik ihes egin zuenekoa

Bonbardaketaren inguruko istoriotxoa partekatu dute GAUR8rekin. Kontatu digu Ainara Amutiok, dendaren buruan dagoen hirugarren belaunaldiko kideak, aitite bonbetatik ihesean ibili zela hartu zuen erabakiari esker atera zela bizirik, ziurrenik. Harekin eta Felicidad Izagirre eta Javier Amutio aita-amarekin pilatutako esperientziek urteetan zehar egindako aldaketa ugariz hitz egiten dute.

Zazpi hamarkadatan zehar gauza asko aldatu dira. Ez ditugu gauza berberak erosten. Garai batean, dendan bertan egindako lurrinak ziren izarrak hazien ondoan. Egun, kosmetika produktuek eta jostailuek ere ikus daitezke apalategietan, eta erakusleiho berri bat aurkitu du dendak Interneten.

Garai berrietara egokitu du eskaintza Ainara Amutiok, konfiantzazko hurbileko arreta hori mantenduz. Betiko bezeroei sare sozialetan bideoetako gomendioak ikusten dituzten gazteak ere gehitu zaizkie. Oroitzapenak, arte zaharrak eta berriak uztartzen dituen saltokiak bide berriak zabaltzen jarraitzen du 75 urteren ondoren.