GAUR8 - mila leiho zabalik

Tren historikoen zirkulazio bereziak igandean, Museoen Eguna ospatzeko

Burdinbidearen Euskal Museoak tren historikoen zirkulazio bereziak antolatu ditu iganderako Museoen Nazioarteko Eguna ospatu eta publiko gehiagoren parte hartzea alhalbidetzeko. Orconerako meategietarako sortutako ‘Espinal’ trena izango da protagonistetako bat.

Burdinbidearen Euskal Museoko tren historikoetako bat Azpeitian, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ostegunean izan zen Museoen Nazioarteko Egunaren harira ospakizunak antolatu ditu iganderako Euskotrenek Azpeitian duen Burdinbidearen Euskal Museoak, jarduera programaz ahalik eta jende gehienak goza dezan.

Protagonistak tren historikoak izango dira, 11.00etan, 12.00etan eta 13.00etan zirkulazio bereziak abiatuko baitira museoaren eta Lasaoko geltokiaren artean.

Euskotrenek jakinarazi duenez, Compañía de Ferrocarriles Vasco-Asturiana konpainiaren ‘Alsthom 1004’ diesel treneko tren makinarekin egingo da lehenengo ibilbidea. Ondoren, 12.00etan eta 13.00etan, lurrunezko tren historikoak aterako dira ‘Zugastieta’ eta ‘Aurrera’ tren makinek bultzatuta.

Gainera, Robert Stephensonek 1887an Orconerako meategietarako sortutako ‘Espinal’ tren makinarekin ere egingo dira erakustaldiak. Gaur egun lurrunezko tren makinarik zaharrena da, eta martxan dagoen lurrunezko tren makinaren asmatzaileak sortutako tailerrek egin zuten.

Halaber, ‘Grafton’ lurrun garabia ere jarriko da martxan. Bedfordek eraiki zuen, 1920an, Babcock & Wilcox enpresarentzat, eta merkataritza zerbitzua eman zuen lantegi horretan 1997ra arte.

Larunbateko trenak eta bildumarik onenetako bat

Bestalde, larunbatean, maiatzaren 20an, Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko trenaren ohiko irteerak mantenduko ditu, denboraldi erregularraren barruan, eta 12.00etan eta 17.30ean izango dira.

Ohar batean gogoratu du Euskotrenek Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa erakusten duela, «mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren-makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Azpimarratu duenez, EAEko makina-erreminta multzorik osatuenetakoa du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.