29 MAY. 2023 Gaur X urte Marga Andurain, arriskuez gaindi eta abenturari emanda, mundura egin zuen baionarra Baionan sortu eta Argentina, Siria, Palestina, Egipto... ezagutzera eraman zuen bere sen abenturazaleak. Azken abenturan lapurtu zioten bizitza, barku batean. Marga Andurain, abenturazale baionarra. GAUR8 Marga Andurainek hain zuen sen abenturazalea, Argentinan, Egipton edo Sirian zehar ibili zela. Eta ez gara XXI. mendeaz ari, gaur 130 urte jaio baitzen Baionan, 1893ko maiatzaren 29an. Neska batengandik ez zen espero Andurainek umetatik zuen abenturazaletasun hori, are, ez zitzaion baimentzen, eta bere ama erruz saiatu zen alabari abentura sena erauzten, exorzismo baten bitartez. Antza, ez zuen funtzionatu. Errebelde segitu zuen Marga Andurainek. Baionako Epaitegi Nagusiko Maxime Clérisse epailea zuen aita, eta ama Marie Hiriart, Baionako notario eta sendagile ospetsuen familia bateko alaba. Hemezortzi urterekin Piarres Andurain lehengusuarekin ezkondu zen eta Argentinara egin zuen berarekin, Panpan erosi zuten ganadu-ustiapenerako etxalde bat sortu eta ahalegin horretan diru guztia xahutu zuten arte. Lapurdiko hiriburura itzuli zirenean, baina, konpondu ziren Andurainen diru kontuak. Haren aita hil zen eta herentzia potoloa jaso zuen. Horrela abiatu zuen bigarren urrutirako bidaia, Egiptora. Kairon edertasun-areto bat jarri zuen martxan. Baina Ekialde Hurbileko erregegoarekin eta Egipton bizi ziren ofizial britainiarren emakumeekin harremanak izan zituen, eta horrek pentsarazi zien batzuei negozioa benetan estalki bat zela eta Andurain, berez, Ingalaterrarako espioia zela. Kairoko Sporting Club elitistan egiten zituen gau ugarietako batean, Brault baronesak Palestinara bidaiatzeko proposamena egin zion baionarrari eta honek, senari zor, baietz. Kasualitatez edo ez, Ingalaterrako inteligentzia zerbitzuetako burua izan zuen bidelagun eta berarekin ezagutu zituen Palestina, Lur Saindua, Siria eta Palmira. Azken hiri honetara joango zen bizitzera 1930ean, harik eta Mekara iristeko ideia piztu zitzaion arte. Arriskua ere bidelagun Arrisku bat zuen bidaia horrek, Mekara iritsiko zen lehenengo emakume mendebaldarra izango baitzen Andurain. Senartzat hartu zuen Soleiman el Dekmari eta iritsi zen, baina Yiddako portuan lehorreratu eta berehala atxilotu zuten. Heriotza zigorrera ere kondenatu zuten, baina kontsulatu frantsesaren laguntzarekin Parisera joatea lortu zuen azkenean. Naziendako prostituzio etxe bat sortu, opioarekin trafikatu... negozio ilunetan sartu zen Marga Andurain hiriburu frantsesean. Azken abenturaren bila, Tangerera abiatu zen belaontzi batean eta urrearekin kontrabandoan aritu zen. 1948ko azaroaren 5ean bere ontzian hil zuten. Haren gorpua, hiltzaileek itsasoratua, ez zen inoiz aurkitu.