02 JUN. 2023 Gaur X urte Mendiak, elizak eta etxeak kolpean estali zituzten uholdeek Baztanen Erratzuko tronbak ekarritako ur-uholdeak etxeak, lantegiak, dendak eta lurrak eraman zituen, baita lau lagunen bizitza ere. 1913ko ekainaren 2an iritsi zen hondamena Baztan, Bidasoa eta Baigorri aldera. Gaur betetzen dira 110 urte Txirritak bertsoz kantatu zuen ezbeharra gertatu zenetik. 1913ko uholdeek utzitako irudi bat. (NAIZ) GAUR8 Gaur 110 urte, 1913ko ekainaren 2an, orduan Erratzuko tronba gisa ezagutu zenak Baztango lau lagunen heriotza eragin zuen. Baztan, Bidasoa eta Baigorri bailaretan izan ziren uholdeak eta Bildarrain, Itsasun eta Elizondon hildakoak. Mendea gehi hamarkada bat pasatu dira sekula ez bezalako uholdeak aipatu eskualdeetara hondamendia eraman zuenetik. Lurrak, dendak, lantegiak, etxeak eta, are, Elizondo erdialdeko Jaime Urrutia kaleko elizaren zati bat eraman zuen urak. Ordutik, urak harrapatu zuen altuera erakusten duen plaka dago kale horretan. Bi pertsona hil ziren Elizondon eta lagun bana Bildarrain eta Itsasun. Bost metroko altuera eta hamabi metroko zabalera hartu zuen uholdeak Baigorri, Urepele, Banka eta Bidarrai uholdetu zituen, eta beste aldera, baita Erratzu eta Elizondo ere. Baztanera hondamendia ekarri zuten uholdeak, antza, aurrez aurre bizi zituen Txirrita bertsolariak eta bertso-sortan kantatu zituen urak estalitakoak. Hala zioen hamalau bertso-sortaren bigarrenak: «Au zan milla ta bederatzi egun amairugarren urtian/ desgrazi ori gertatu zaiku Valle Baztan'go partian/ mendi, elizak eta etxiak bota zituen golpian/ len bistan zauden terreno asko tapatu ziran ur-pian/ erakutsi du nai balin badu zer egingo ligokian».