19 JUN. 2023 Gaur X urte Espioitza egotzita, Rosenberg senar-emazteak exekutatu zituzten AEBetan 1953an 1953ko ekainaren 19an Ethel eta Julius Rosenberg exekutatu zituzten aulki elektrikoan espioitza leporatuta. Estatu Batuetako historian zibilen espioitzagatik egindako lehen exekuzioa izan zen. Nazioartean kasu entzutetsua eta gaitzetsia izan zen. Ethel Rosenberg eta Julius Rosenberg 1951n. (Wikimedia Commons) GAUR8 Duela 70 urte exekutatu zituzten Estatu Batuetan Ethel eta Julius Rosenberg, espioitza egiteko konspirazioa egotzita. Zibilen espioitzagatik egindako lehen exekuzioa izan zen eta bake garaian heriotza zigorra jaso duten estatubatuar bakarrak dira. Julius Rosenberg eta Ethel Greenglass, biak familia judukoak, Estatu Batuetako Alderdi Komunistaren gazte-taldean ezagutu zuten elkar 1930eko hamarkadan, ‘Young Communist League’en. Exekuzioan amaitu zuen epaiketaren jatorria Los Alamoseko ikerketa nuklearreko zentroan eta Berkeley Unibertsitatean gertatutako sekretu nuklearren filtrazioan dago. Ethelen anaia, David Greenglass sarjentua zentro horretako makinista ohia zen eta sobietarrei sekretuak pasa zizkiela aitortu zuen ikerketa batean, eta bere arreba eta Julius Rosenberg ere salatu zituen. Aurrerago azaldu zuenez, bere emaztea ez salatzeko egin zuen hori. Ondoren, 1950eko uztailaren 17an poliziak Julius Rosenberg atxilotu zuen espioitza susmopean. Abuztuaren 11n bere emaztea atxilotu zuten, akusazio epaimahai (‘Grand Jury’, ingelesez) baten aurrean testigantza eman ondoren. Epaia jakinarazi zenean, batzuek uste izan zuten errugabeak zirela edo epai gogorregia jaso zutela, batez ere Ethelek. Horrela, kanpaina handi bat hasi zen bikotearen exekuzioa eragozteko. Hainbat manifestazio eta protesta egin ziren nazioartean epaiketen eta exekuzioen artean eta, batez ere Estatu Batuetatik kanpo, antisemitismo akusazioak egin zituzten. Aita Santuak erruki-erregua egin zuen, baina David Eisenhower orduko presidenteak ez zien eskaerei kasurik egin.