25 JUN. 2023 Gaur X urte 86 urte Estepan Urkiaga ‘Lauaxeta’ fusilatu zutenetik ‘Lauaxeta’ ezizenaz ezaguna zen Estepan Urkiaga idazle eta kazetaria 1937ko ekainaren 25ean tropa frankistek hil zuten, fusilatuta, Gasteizen. Gernikan atxilotu zuten, bonbardaketaren ostean, eta hil zuten arte Gasteizko espetxean egon zen preso. Lauaxetaren monumentua Mungian. (Aritz LOIOLA | FOKU) GAUR8 Gaurko egunez duela 86 urte Lauaxeta idazle eta kazetaria fusilatu zuten Gasteizko Santa Isabel kanposantutik gertu, apiriletik edo maiatzetik espetxeratuta egon ondoren, 32 urte zituela. Ehorzketa agirian istripuz hil zela idatzi zuten, baina gaur egun jakina da tiroz hil zutela. Hil baino lehen ‘Azken oyua’ olerkia idatzi zuen, Gasteizko espetxean. Lehenengo estrofak honela dio: «Goiz eder onetan erail bear nabe / txindor baten txintak gozotan naukela? / El naiten leyora begiok intz gabe. / Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela: / or egazkin-egak odei-lapur doaz. Estepan Urkiaga Laukizen jaio zen baina txikitan Mungiara joan zen bizitzera familiarekin. Teologia ikasketak egin zituen Durangon, Oñan eta Loiolan. Literaturako klasikoak euskaratzen aritu zen eta 1928an, Jesusen Lagundia utzita, Bilbora joan zen. Hil baino sei urte lehenago, 1931n, bere lehen poema bilduma argitaratu zuen, ‘Bide barrijak’ eta 1935ean ‘Arrats-beran’ izenekoa. Mendebaldeko euskaran idazten zuen eta, bereziki olerkiak egin zituen arren, ipuinak eta antzerkia ere idatzi zituen. Gaur egun, Lauaxetaren argitalpen berriak egin dira, berak liburuetan bildutako olerkiekin eta aurkitu diren beste olerkiekin batera, Aita Onaindiak eta Jon Kortazarrek antolatuak. 2005ean, bere omenez, Bizkaian euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazioan interes ekonomikorik gabeko lana egin duten pertsona edo erakundeak aitortzeko Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Sariak sortu zituen.