GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Irun-Hendaia lotzen dituen linearen inagurazioa eta istripua egun berean, gaur 110 urte

Irun-Hendaia lotu behar zituen topoaren linearen inagurazioa ez zen arrakastatsua izan 1913ko udan. Izan ere, linea inaguratu, eta bi trenek aurrez aurre talka egin zuten, 7 hildako eta 20 zauritu eraginez.

Irungo topo estazioa, artxiboko irudi batean. (Kutxa fototeka)

1913ko uztailaren 13an, gaurko egunez, Irunen tren istripu bat gertatu zen, Donostia-Hendaia trenbidean topoaren linea inaguratu zuten egun berean gertatu zen ezbeharra. Arratsaldeko 16.30ak aldera Irungo geltokitik gertu, bi trenek elkar talka egin zuten, 7 hildako eta 20 zauritu eragin zituen istripuak.

Asko itxarondako momentua izan zen Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herria lotuko zituen linea inaguratzeko eguna. Izan ere, 1912ko abenduan Donostiako trenbidea mugaraino zabalduko zela jakinarazi zuten, baina hurrengo egunetan ere Gipuzkoa zeharkatu ostean, Irunen amaitzen zuen bidaia trenak.  Izan ere, Bidasoa gainditu eta Hendaiara iristeko oraindik zenbait kudeaketa egiteke zituzten. Eta 1913ko uztailera arte atzeratu zuten inagurazioa. Topoa izenez ezagutzen da, tunel ugari zeharkatu behar baititu Bidasoa inguruan.

Uztailak 13a, egun seinalatua zen, baina hasierako poza laster lausotu zen doluaren eraginez. Bi trenek aurrez aurre jo zuten.  Irundarrek istripuaren biktimei emandako laguntza desinteresatuak bultzatu zuen Alfontso XIII.a Espainiako erregea mugako herria bisitatzera.

Istripu latz hori eta gero, martxan jartzea lortu zen hala eta guztiz ere, eta egun esan daiteke, Gipuzkoa eta Lapurdi egokien lotzen dituen garraio publikoa dela. Adituek diote Europar Batasunak herrialdeen mugak deuseztatu zituenetik Euskal Herriko kostaldea ardaztu dezakeen garraiobidea dela.