GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Errenteriako Madalen jaiak bertan behera gelditu ziren gaur 40 urte

Polizia nazionalek jaien hasiera ospatzeko herriko plazan bildutako jendeari eraso egin zieten kateak, borrak eta eskuburdinak erabiliz.

Istiluen garaiko irudi bat. (IRRATI HOTSAK)

1983ko uztailaren 21ean, gaur 40 urte, Errenteriako Madalen jaiak bertan behera gelditu ziren polizia nazionalek herriko plazan bildutako jendeari eraso egin ostean. Garaiko testigantzen arabera kateak, borrak eta eskuburdinak erabili zituzten jaien hasieraren zain zeuden herritarren kontra.

"La Voz de Euskadi" egunkariaren arabera, udaletxeko arkupeetan irainak trukatu zituzten hainbat herritarrek uniformerik gabe bertaratu zen polizia talde batekin. Antza denez, poliziei arrautzak eta tomateak jaurti zizkieten, eta hauek ezkutatuta zeramatzaten armak atera zituzten, jendeari basatiki eraso eginez. Aipatu egunkariko argazkilari batek ere kolpe bortitza jaso zuen aurpegian.

Berehala, polizia-indarren laguntza iritsi zen. Istiluen aurkako materialarekin agertu ziren, gomazko pilotekin eta ke-poteekin herritarren aurka kargatuz. Istiluen erdian, 20.00ak baino minutu batzuk lehenago, jaiak iragartzeko suziria jaurti zen eta bandera espainiarra igo zuten, ikurrinarekin eta Errenteriako banderarekin batera, liskarrak areagotuz.

Madalena eguna izanda, eta tentsioa baretzeko, Jai Batzordeak udal bandera bakarrik uzteko aukera aztertu zuen, baina Gipuzkoako gobernadore zibilak proposamena baztertu egin omen zuen. Konponbide bat lortzeko zailtasunak zirela-eta, ordu gutxira, herri-elkarteek eta Jai Batzordeko presidenteak programatutako ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki zuten.

Herri Batasunak, EAJk eta Euskadiko Ezkerrak elkarrekin aurkeztu zuten komunikatua, polizia berehala erretiratzeko eskatuz, 50 agente inguru udaletxean baitzeuden, eta Jose Maria Gurruchaga alkate sozialistaren dimisioa eskatu zuten, gertatutakoaren erantzule nagusia zelakoan.